Hasi dira Eduardo Txillida pasealekuko zuloa konpontzen
Eguraldiaren ondorioz gehiago luzatzen ez badira, lanak hilabete eta erdian amaituko dituzte.
Gaur hasi dira asteburuan Eduardo Txillida pasealekuan sortutako zuloa konpontzen. Pasa den astean sortu ziren lehen pitzadurak, baina Nora Galparsoro hiri azpiegituratako zinegotziak azaldu duenez, mareen eraginez ezin zituzten lanak egin.
Ondorioz, olatu bortitzek horma gehiago kaltetu dute, eta azkenean asteburuan 300 bat metro kuboko zuloa eragin dute pasealekuan. Dena dela, Galparsorok adierazi duenez, sergurtasun neurri guztiak hartu dituzte: “segurtasuna bermatu dugu lehen minututik, eremua mugatua dago eta ez dago arriskurik, ez ibilgailuentzat, ezta oinezkoentzat ere”. Antza denez, inguruan dagoen bilgailuak ere ez du kalterik jasan.
Konpontze lanak
Gaur hasi dira zuloa konpontzen, eta hilabete edo hilabete eta erdiz luzatzea espero dute. Lehenik zuloa itxiko dute, Pasealekuan ura sartzea ekiditeko. Ondoren, kaltetutako espaloi zatia guztiz apurtuko dute, material solterik gera ez dadin. Lan hauek aste honetan amaitzea aurreikusten dute, eta amaitzeko, sortutako zuloa bete eta espaloia konponduko dute.