Musika doinuak, esklerosi anizkoitzaren alde
Azaroaren 8an egingo dute esklerosi anizkoitzaren aldeko kontzertua Intxaurrondo kultur etxean.
Musika anitza; behar duzun harmonia lemapean aurkeztu dute datorren ostiraleko kontzertua udaletxean. Esklerosi anizkoitza ezagutaraztea, gaixotasuna duten pertsonei laguntzeko dirua biltzea, eta batez ere, esklerosia duten herritarrei eta beren familiei elkartasuna eta babesa ematea izango da jarduera berezi honen helburua.
Bigarren urtez antolatu dute jaialdia, eta herritarren erantzuna ona izatea espero dute antolatzaileek. Arratsaldeko 19:00etan The Joselontxo’s txaranga Intxaurrondoko kaleetan barrena ibiliko da. 20:30etik aurrera berriz, Oscar Terol jarriko dute aurkezle lanetan, eta gaixotasuna duen gazte batek ere bere bizipenak kontatuko ditu. Ondoren, jaialdiaren lemak dioen moduan, gerturatzen direnei ‘harmonia dosi bat’ emateko, Sexteto Vendaval, Argentinako tango taldea, eta Betagarri taldeek kontzertua eskainiko dute.
Sarrerak aldez aurretik eros daitezke Kutxasarrerak.neten 12 eurotan edo leihatilan bertan, 15 eurotan. Bildutako dirua ADEMGI, Gipuzkoako esklerosi anizkoitzaren elkarterako izango da.
Sendabiderik gabeko gaitza
Matias Saenz, Biodonostia Institutoko Esklerosi Anizkoitzeko unitateko inmunologoak eta jardueraren antolatzaileak argitu duenez, esklerosi anizkoitzak nerbio sistemari eragiten dio; nerbioak estaltzen dituen zuntza galtzen da pixkanaka ondorio larriak eraginez. Batik bat gazteek jasaten dute, eta oraindik behintzat ez du sendabiderik. Horregatik, etengabeko ikerketa lanean ari dira gaixotasuna atzeratu eta gaixoen bizi kalitatea hobetzeko.
Bizi kalitate hori hobetzeko ezinbestekoa da gaixoen birgaitzea. Egun, lau patologia ezberdinetako 120 gaixo dituzte Intxaurrondoko zentroan, eta ia 700 pertsonek dute esklerosi anizkoitza Gipuzkoan. “Pertsona hauen bizi kalitateari eusteko eta hobetzeko ezinbestekoa da zentroan jasotzen duten laguntza. Zerbitzu horri eusteko, ordea, elkarteak ere ezinbestekoa du erakunde, eragile eta herritarren laguntza ekonomikoa”, esan du Mari Luisa Ustarroz, ADEMGIko lehendakariak jaialdian parte hartzeko gonbita luzatuz.
Jon Albizu, gizarte ongizateko zinegotziak ere ADEMGI elkartearen “lan isila” goraipatu du, eta jaialdian parte hartzeko deia egin die herritarrei.