Igandeko kontsultan 883 igeldotar daude botoa ematera deituta
Herri kontsulta egingo dute igandean Igeldon, bertako herritarrek udalerri propio edo Donostiaren baitako auzo baten parte izan nahi duten adieraz dezaten. Igeldoko Herri Kontseiluko kide Ramon Uruzmendik, Foru Admnistrazio eta Funtzio Publikoko diputatu Garbiñe Errekondok eta aldundiko Herritarren Partaidetzarako zuzendari nagusi Arantxa Ruiz de Larrinagak agerraldia egin dute goizean, kontsultaren nondik norakoak azaltzeko. Hain zuzen ere, igeldotarrek botoa emango duten lekuan bertan egin dute prentsaurrekoa; Itsas Aurre kultur etxean, alegia.
Emandako datuen arabera, 883 igeldotar daude botoa ematera deituta –442 gizon eta 441 emakume–, Igeldok dituen 1.074 biztanleetatik. 16 urtetik gorakoek dute kontsultan parte hartzeko eskubidea. 9:00etatik 20:00ak arte zabalik izango da kultur etxea igandean, eta 20:00etan bertan ekingo diote zenbaketari. Irekia izango da. Emaitza 20:30erako jakinaraziko dute.
Emaitzak emaitza, biharamunean prozesuari jarraipena emango diotela azaldu du Garbiñe Errekondok; hots, egun batetik bestera ez dutela erabakirik hartuko. “Kontsultaren emaitza beste datu bat gehiago izango da prozesuaren baitan. Aldundiak oso kontutan hartuko du, baina ez da loteslea”, argitu du. “Ez ditugu epeak finkatuta. Txosten teknikoak ere baditugu mahai gainean erabakia hartzeko; arlo ekonomikoari buruzkoak eta lurraldetasunaren kontura, hain justu”, esplikatu du.
Ostiralean amaituko den lanketa eta informazio kanpainaren berri ere eman dute. Ia 300 herritarrek hartu dutela parte esan du Arantxa Ruiz de Larrinagak. Azken hitzordua ostiralean izango da. Mahai ingurua egingo dute egun horretan, 20:00etan, eskolan. Herritarren kezkak eta zalantzak argitzeko azken saioa izango da, igandeko herri kontsultaren atarian.