Golik gabeko berdinketa Anoetan
Garaipena lortu ezinik jarraitzen du Realak Txapeldunen Ligan. Manchester Unitedekin berdindu du gaur Anoetan (0-0), partida orekatu baten ondoren. Kanpotarrek izan dituzte aukera garbienak, Ingalaterrako taldeak zutoinera bidali baitu baloi bat eta Bravok penalti bat gelditu baitu, hori guztia bigarren zatian. Horrenbestez, Reala galtzeko zorian izan da, baina berdinketak ez du zapore ona utzi, Txapeldunen Ligari agur esateko atarian baitira txuri-urdinak, nahiz eta oraindik bi norgehiagoka falta diren. Puntu bakarra dute sailkapenean Jagoba Arrasatek zuzendutako jokalariek.
Azken minutuan jokalari bat gutxiagorekin geratu da Manchester United, Fellainik bigarren txartel horia ikusi eta gero, baina berandu zen hiru puntuak lortzeko. Aulkitik atera den Seferovicek izan du azken aukera, baina markagailua partida hasi aurretik bezala geratu da; husnako emaitzarekin, alegia.