Hiri adimentsuak sortzeko bideak landuko dituzte
Ametzagaina, Txomin Enea eta 27. Poligonoan probatuko dute hiri adimentsuaren eredua.
Steep egitasmoa Europar Batasunaren Smart Cities edo Hiri Adimentsuen deialdiaren baitan aurkeztutako proiektua da. Aurkeztutako proiektu guztietatik sei aukeratu dituzte abian jartzeko, eta horien artean dago Steep egitasmoa, Donostiako Sustapenak eta Ingurumen sailak elkarrekin zuzentzen dutena.
Bristol eta Florentzia ere Donostiarekin batera ari dira lanean. Hiri bakoitzak bertako enpresa pribatuen, teknologia zentroen, unibertsitateen eta erakunde publikoen babesa izango dute, guztira 10 bazkide direlarik.
Gaur eta bihar bazkide guztiak bilduko dira proiektua abian jartzeko eta Smart City edo Hiri Adimentsuei begira plangintza praktikoaren eredua sortzeko. Hiri bakoitzak sektore jakin batean ezagutza espezializatua aurkeztuko du, gainerako hirietan abian jarri ahal izateko.
Donostiak, esaterako, Energian duen ezagutza aurkeztuko du, Udaleko Ingurumen sailaren eta Sustapenaren bitartez. Tecnalia eta Acciona bazkideek haurtuko dute parte jardunaldietan. Bestalde, Bristolek Informazio eta Komunikazio teknologietan duen ezagutza emango du aditzera, Bristoleko Unibertsitatearen eta Arup enpresaren ordezkariekin. Azkenik Florentziako hiriak, mugikortasunean duen esperientzia azalduko du, SPES eta ATAF enpresekin batera.
Teoriatik praktikara
Josu Ruiz, garapen ekonomikoko zinegotziak azaldu duenez, jardunaldietan zehazten duten eredua hiru auzotan aplikatuko dute, hiri adimentsuen eremuan sortutako benetako eragina ikusteko. Horretarako, Urumea Riverside District auzoa hautatu dute, hau da, Ametzagaina, Txomin eta 27. Poligonoa. Horrela, hiriko bizitoki eremua, industria eremua eta berdegunea uztartuko dituzte.
Ruizek adierazi duenez, hiri jasangarriago bat eraikitzeko bidean beste pauso bat izango da, auzo horietan hainbat egitasmo garatzen ari baitira dagoeneko. Batetik, datorren martxorako bukatzea espero duten Enertic aipatu du; ia isuri kutsatzailerik ez duen eraikina. Bestetik, i-Sare proiektua legoke. Hau da, mikrosare adimentsua, energia modu iraunkorrean sortzeko, biltegiratzeko eta banatzeko aukera emango duena. Eta azkenik, District Heating, edo produkzio termikoa biomasaren bidez egiten duen sistemaren garapena Txomin Enean.
Bi egunez egingo dituzten jardunaldi hauetan ez dituzte egitasmo zehatzak landuko, hiri jasangarriak eraikitzeko bidean ildoak zehaztu baizik.