Josean Fernandez: "Kontsumoa onartzen den arren, alkohola droga bat da eta alkoholismoa gaixotasun bat"
Mundu mailan heriotz gehien eragiten duen hirugarren gaixotasuna da alkoholismoa.
Alkoholismoari buruzko jardunaldiak egingo dituzte azaroaren 15ean, Alkoholik gabeko egunean. Udaletxeko udalbatza aretoan bilduko dira eta gaixotasunaren hainbat ikuspegi landuko dituzte 18:30etik aurrera.
Alkoholikoen Gipuzkoako Elkarteak, AERGIk antolatu ditu jardunaldiak beste hainbat erakunderen babesarekin. Horietako bat da Donostiako udala, eta Josean Fernandez AERGIko lehendakariak Ongizate sailaren laguntza eskertu nahi izan du. “Legezkoa eta jendartearen onarpen osoa badu ere, alkohola droga bat da eta alkoholismoa gaixotasun bat. Eta gaixotasun honen aurkako borroka irabazterik ez dugu lortuko gure lana isilean, ia modu klandestinoan egiten jarraitzen badugu; aurpegia eman eta errealitate honi aurre egiteko garaia da”, esan du Fernandezek.
Jardunaldietan gaixotasunak bereganatzen dituen hainbat ikuspegi landuko dituzte. Egin dezakegu gehiago? lemapean medikuntza, prebentzioa, ikerketa alorretako profesionalak eta gaixotasuna pairatzen duten herritarrek ere parte hartuko dute. Jardunaldiak irekiak izango dira, beraz edonork egin ditzake ekarpenak.
Onartutako droga
Herritarrei gogoeta eginaraztea eta alkoholismoari eta alkoholikoei eurei ere duintasuna ematea izango da jardunaldien helburua. “Beldurrik gabe hitz egin behar dugu gaixotasun honetaz, gaixoak gara, besterik ez”, esan du Fernandez. Hala ere, kulturan onartua egoteak ez du alkoholismoaren aurkako borrokan laguntzen. Hamaika eta hamalau urte bitartean hasten dira gazteak alkohola edaten, eta ia herritar guztiak mozkortu dira noizbait. Legeak eta araua badaude, baina ez direla betetzen salatu dute jardunaldien aurkezpenean bildu direnek. Urgullen mozkortzeko elkartzen diren kuadrillen kasua aipatu dute, eta baita Kilometroak jaialdia ere.
Datu kezkagarriak dira AERGI elkarteko kideen iritziz, beraz jardunaldietan parte hartu eta arazoaren iguruan hausnarketa egitera gonbidatu dituzte herritarrak.