
Nerea Txapartegi eta Jon Aizpurua, hiriko kultur etxeetako arduradunekin batera. (Argazkia: E. Zabala)
Kultur etxeek hiriko kultur mugimenduan duten garrantziaz ohartarazi nahi du Donostia Kulturak. Hala, Nerea Txapartegi udaleko Kultura arduraduna eta Jon Aizpurua Kultur ekintzetako arduraduna Okendo kultur etxean izan dira gaur eguerdian, zortzi kultur etxeetako zuzendariekin batera, ikasturte berriaren inguruan. Bide batez, IRUTXULOKO HITZArekin bildu dira Txapartegi eta Aizpurua euren mezua zabaltzeko. “Balioan jarri nahi dugu kultur etxeen sarea. Zortzi auzotan ditugu kultur etxeak eta bertan kultura sortzeko guneak dira. Herritarrek euren egitasmoak gauzatzeko guneak dira”, aldarrikatu du Txapartegik.
Ikasturte berriari irteera eman diote kultur etxeek eta, hala, 2013-2014rako 200 ikastaro antolatu dituzte. Pozik agertu dira bai Txapartegi eta bai Aizpurua, sare sozialen bidez ikastaroen eskaintza goraipatua izan dela baitiote. “Mezu asko jaso ditugu ikastaroen eskaintza oso zabala izan dela eskertuz”, aipatu du Aizpuruak. Horretaz gain, kultur etxeetako zerbitzu ezagunenak liburutegiak diren arren, bestelako eskaintzak ere badituztela azpimarratu dute: Haur Txokoa, Gaztelekua, 55 urtetik gorakoentzako ibilaldiak… gainera, auzo bakoitzean bertako elkarteekin elkarlan ugari aurrera ateratzen dituztela gogorarazi dute, eta horien bidez eskaintza zabalagoa dela: Ikasketa gelak, KZ guneak… edonola, argi dago kultur etxeen ezagupenaren berri dutela herritarrek, 2012an 1’3 milioi erabiltzaile igaro baitziren haietatik, eta ixtear dagoen urteak dagoeneko zifra hori harrapatu du.