Ernaik erabiltzen duen lokal baten aurrean espioitza tresnak aurkitu dituzte
Zehazki bideo kamera bat eta entzuketak egiteko gailu bat atzeman dituzte Donostiako lokal batean. Herri lanetako poste batean aurkitu dituzte, nabarmen lokalaren atera begira.
Irutxuloko Hitza
Bideo kamera eta entzuketak egiteko gailu bat aurkitu dituzte.
Espainiako CNI informazio agentzia gezurretan ari dela salatu dute gaur goizean Mikel Button eta Irati Sienra Ernaiko kideek Donostian. Ernairen Donostiako egoitzan espioitza tresnak aurkitu dituzte, eta goizeko agerraldian mahai gainean jarri dituzte horiek erakusteko. Zehazki bideo kamera bat eta entzuketak egiteko gailu bat atzeman dituzte.
Ernaik erabiltzen duen lokal baten aurrean topatu dituzte tresnak, Donostian. Herri lanetako poste batean aurkitu dituzte, nabarmen lokalaren atera begira. Tresna hori ez ezik, jarraipenak, entzuketak eta errepideko kontrolak ere izaten dituztela salatu dute Ernaiko kideek, eta “antolatzeko eta biltzeko eskubidearen aurkako atentatu larria” dela salatu dute. Ezkutuan ibili beharrean, mahairen bueltan eseri eta konponbidearen aldeko urratsak egiteko eskatu dute.
Ezker abertzaleak “jazarpena” jasaten duen aurreneko aldia ez dela nabarmendu dute prentsaurrekoan, eta “jazarpen” hori bertan behera uzteko exijitu dute. Ez hori bakarrik: “Euskal Herriko alderdi politiko nahiz eragile ezberdinei eskubide urraketen aurrean arduraz jokatzeko eskatzen diegu”.