Karlos I.aren etorbideko protestekin bat egingo du PSE-EEk
Azaroko larunbat guztietan egingo dituzte protestak Amarako bizilagunek Karlos I.aren etorbideko lanak lehenbailehen has daitezela eskatzeko.
Urteak daramatzate amaratarrek auzoa bitan banatzen duen errepidea isteko eskatuz. Ez da kalera ateratzen diren lehen aldia, eta behin eta berriro eskatu dute Karlos I.aren etorbideko lanei lehentasuna emateko. Foru Aldundiari eta udal gobernuari ere helarazi dizkiete beren beharrak. Pausoak ematen diren bitartean, ordea, protestak egiten jarraitzea erabaki dute Amarako auzotarrek. Hala, azaroko larunbat guztietan, amaratarrak etorbidean bertan elkartuko dira, 13:00etan.
PSE-EEk bat egin du Amarako auzotarren haserrearekin, eta “ordezkari sozialistak protestetan bizilagunen ondoan” egongo direla adierazi du Ernesto Gascok. Sozialisten bozeramailearen ustez, ulergarria da amaratarren ezinegona, urtetako eskaera delako. “Auzoak Karlos I.aren etorbidea istea behar du, zatiketarekin amaitu, garapen orekatu bat landu eta auzotarren bizi kalitatea hobetzeko”, esan du Gascok.
Amarako saihesbidea isteko beharrezkoa da lehenik Martuteneko biribilgunea egokitzea, trafiko gehiago jaso dezan. Udal gobernuarentzako ere lehentasunezko gaia da Karlos I.aren etorbidean egokitzapenak egitea, baina Gascok adierazi duenez, “lehentasun horri ez diote irtenbiderik ematen”.