Morlansen ez dituzte falta diren babesturiko 70 etxebizitzak eraikiko
Langabeziak eta krisi egoerak zailago egiten du etxebizitza bat eskuratzeko aukera. Horregatik, PPrentzat oso garrantzitsua da babesturiko etxebizitzak eskaintzea, bereziki gazteei. Begirada guztiak Txomin Eneako egitasmoan jarririk daudela esan dute popularrek, baina Morlansen ere badagoela horretarako aukera esan dute. Izan ere, Ramon Gomezek argitu duenez, Eusko Jaurlaritzak badu orube bat Morlansen, baina ez ditu aurreikusita zegoen moduan babesturiko 70 etxebizitza egingo bertan.
Jaurlaritzak atzera egin du bere erabakian, eta orubea hutsik uztea erabaki du. Orube hori litzateke Morlansko eraikuntza lanetan azkena. Ramon Gomezek Eusko Jaurlaritzaren erabakia eta udal gobernuaren jarrera ere kritikatu ditu. “Udal gobernuak babes hesi egokiagoak jartzeko eskatu dio Jaurlaritzari, baina eskatu behar zaiona etxebizitza horiek egiteko da, ez ingurua isteko”, esan du Gomezek.
Ostiral honetan bertan emango dizkiete hutsik geratu den orubearen ondoko etxebizitzetako giltzak hainbat herritarri. Eta parean haurrentzako jolastoki bat egingo dute. Beraz, Gomezen arabera “onartezina litzateke biziberritzen ari den inguru baten erdian halako zabortegi bat uztea; arriskutsua izateaz gain, herritarrek etxebizitza duin bat izateko duten eskubideari uko egiten baitzaio”.
Arrazoi horiei jarraiki, PPk gaia hurrengo udalbatzarrera eramango du, Eusko Jaurlaritzari Morlansen eraikitzea falta den babesturiko 70 etxebizitzak egiteko eskatuz.