San Telmo Museoak familientzako jarduerak eskainiko ditu larunbatero
Kultur ondarea belaunaldi berriei transmititzeko helburuarekin, haurrek helduekin batera parte hartzeko eskaintza zabala osatu du museoak.
Literatura eta musikarekin egiten den moduan, artea, historia eta gure ingurunearen berri ere haurrei eskaini behar zaiela uste dute San Telmo Museoko arduradunek. Hala, familiei bereziki zuzendutako jarduerak antolatu ditu larunbatetarako, eta horien berri eman dute Susana Soto San Telmo Museoko zuzendariak eta Nerea Txapartegi udaleko Kultura ordezkariak, gaur goizean. “Publikoa hezteko egitasmoa da. Bildumen aterpe eta ondarearen zaintzaile izateaz gain, museoak ahalegina egin behar du herriarengana iristeko”, aipatu du Txapartegik. Azken batean, erakusketa iraunkor zein behin behinekoekin lotutako tailerrak egingo dituzte familiek, hau da, 6-12 urteko haurrek eta helduek elkarrekin, begiraleen laguntzarekin. Aurretik ere egin ditu halako jarduerak museoak, eta izandako arrakastaren ondoren, maiztasun finko bateko programa ezartzea erabaki dute. Hala, urtarrila bitarteko tailerrak aurkeztu dituzte gaur, baina martxora arteko jarduerak egiteko asmoa dute, belaunaldi berriei kultur ondarea zabaltzeko asmoz.
Bisitariek jolasen, sormenaren eta senaren bidez museoa deskubrituko dutela diote arduradunek; gainera, bakoitzaren ikuspegia, trebetasuna eta irrudimena baliatuta ekarpen aberatsa izatea aurreikusten dute. “Publiko honekin lan egitea oso garrantzitsua da, eurak izango dira etorkizuneko bisitariak”, gehitu du Txapartegik.
Familia bakoitzak 5 euro ordaindu beharko ditu, eta sarrerak aurretik erostea komeni da. Larunbatero, 17:00etan egingo dituzte tailerrak. “San Telmo Museoa familien aisialdi gune izatea nahi dugu. Horregatik egitarau sendoa eta aberatsa osatu dugu”, aipatu du Sotok. Izan ere, azken batean, helburua “ondarea trasmititzea” eta “fidelizazioa lortzea” izango dira arduradunen hitzetan.
AZAROKO PROGRAMAZIOA:

Susana Soto eta Nerea Txapartegi, gaur goizean aurkezpenean. (Argazkia: E. Zabala)
- Azaroak 9. Historiako Zuloak; Irudiak barrezka
- Azaroak 16. Gure hiria eraikitzen
- Azaroak 23. Historiako Zuloak: Nor da nire laguna?
- Azaroak 30. Kontu eta kantu.