Sustapenak hainbat jarduera antolatu ditu Zientzia Astearekin bat eginez
Azaroaren 15a arte luzatuko dira Sustapenak zientziaren inguruan antolatu dituen jarduerak.
Donostiako Sustapenak hainbat jarduera antolatu ditu, Zientzia Astearen harira, hainbat kolaboratzaileren laguntzarekin. Zientzia eta berrikuntza herritar guztiengana hurbiltzea da jardueren helburua, eta horregatik jarduera bakoitza publiko berezi batentzat antolatu dute: ikasleak, ekintzaileak, enpresa txiki eta ertainak,…
Pintxoak & Blogak (azaroaren 8an, Talent Housen, Aieten) jardueran, komunikazioa eta gastronomia uztartuk dituzte, eta agente ezberdinek eta herritar adituek hausnarketak egin ahal izango dituzte zientzia hedatzeko formato berrien inguruan. Donostia berritzailea, proiektuak partekatzen (azaroaren 12an, Axular lizeoan) jardueraren bitartez, ikasleei zientziaren, teknologiaren eta jakintzaren inguruko adibideak erakutsiko dizkiete. Language as a window into the human mind (azaroaren 13an Talent Housen) jarduerarekin ikastetxeetan hizkuntzak ikasterakoan garunak nola funtzionatzen duen azalduko dute. Share your knowledge! Donostia, Zientzia eta Zientzialariak (azaroaren 14an, Talent Housen) topaketan hirian bizi diren ikerlariak elkartuko dira, Donostia zientziaren eta berrikuntzaren hiri bihurtzeko duten ikuspegi estrategikoa eztabaidatzeko; Teknologia Hiriaren zerbitzura (azaroaren 14an, Talent Housen) izeneko jardueran, tokiko erakundeek garatutako azken aurrerapen teknologikoak aurkeztuko dizkiete ekintzaile, enpresa eta unibertsitateko ikasleei. Eta, azkenik, Ingeniaritza informatikoa. Aukera profesionalak (Azaroak 15ean, Kursaalen) jardueran, sektoreko profil berriak, joerak eta aukera profesionalak ezagutzera emango dituzte.