Zientzia Astea abian da
Artzain Onaren katedralaren atzean dagoen karpa handi batean standak, tailerrak, lehiaketak eta ikuskizunak burutuko dira gaur eta larunbata, azaroak 9, bitartean.

Zientzia Asteko stand batean zientzilariekin hitz egiten. (Argazkia: Lide Ferreira)
Euskal Herriko Unibertsitatearen Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren XIII. Asteari goizean eman diote hasiera. Koldo Mitxelena kulturunearen ondoan jarri duten karpan izan dira Ana Arrieta EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordea, Agustin Erkizia Gipuzkoako Zientzia Astearen koordinatzailea eta Carlos Garcia Llorente Eusko Jaurlaritzako Berritzegne Nagusiko Zientzia eta Teknologiako aholkularia.
Agustin Erkiziak azaldu duenez, “gizarteak zientzia gai zaila eta urruna izango balitz bezala ikusten du, baina ez da hala”. Antolatu dituzten jardueren bitartez, egunerokotasunean gertatzen diren gauzak zientziarekin zerikusia dutela erakutsi nahi dute eta gizartearentzat zientziaren munduak eragiten duen zailtasun hori erraztu. “Gainera, standetan dauden pertsonak Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak edota ikerketa taldeetan sartuta dauden ikasleak dira”, esan du Erkiziak.
Zientzia Astea zientziaz eta “teknologiaz gozatzeko aukera emango du”. Izan ere, bisitariek jardueretan parte hartu ahal izango dute, zientzialarien tresnak erabiliz, elementuekin saiakerak eginez, eguneroko fenomenoak nola gertatzen diren ikasiz eta zientzialariekin hitz eginez.

Ikasleak stand batean esperimentuak egiten. (Argazkia: Lide Ferreira)
Hiru egunetan zehar, gizarte osoari zuzendutako standak, tailerrak, lehiaketak, ikuskizunak eta txangoak burutuko dira eta sarrera librea eta doan izango da. Gaur, azaroak 7, eta bihar, azaroak 8, goizean ordutegia 9:30etatik 14:00etara izango da eta arratsaldean 15:30etatik 20:00etara. Larunbatean, azaroak 9, berriz, 10:00etatik 14:30etara eta arratsaldean 16:00etatik 20:00etara.
[box]
JARDUERAK
- STANDAK: robotika, kimika zuzenean, psikobiologia, fisika esku artean, gelditu une batez eta pentsatu, egia bihurtu diren bizipenak eta proiektuak, materialen zientzia eta nanozientzia, energia berriztagarriak.
- TXANGOA: Txango geologikoa Donostian (Zientzia Astearen karpatik hasiko da txangoa).
Azaroak 7, osteguna, 15:30etan eta azaroak 9, larunbata, 11:00etan
- ERAKUSKETA: Atzoko eta gaur egungo ingeniaritza eta eraikuntza
- TAILERRAK:
– Robot bertsolariak. Azaroak 9, larunbata, 10:00etan.
– Matematika tailerra: Gazteluari erasotzea. Azaroak 7, osteguna, 17:00etan.
– Kuadrikopteroa. Azaroak 8 eta 9, ostirala eta larunbata, 11:30etan.
– PLAYnano: jolastu eta erabaki. Azaroak 8, ostirala, 18:00etan.
– Kutsadura akustikoa. Azaroak 8, ostirala, 10:30etan eta 18:00etan.
- ZIENTZIA IKUSKIZUNA. Azaroak 9, larunbata (euskaraz), 12:00etan.
Informazio gehiagorako sartu Zientzia Astearen webgunean.
[/box]