Presoen alde egindako elkarretaratze bat. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Horien artean Txomin Troitiño eta Jon Aginagalde donostiarrak daude, zenbait komunikabidek emandako izenen arabera.
Auzitegi Nazionalak ez dio itxarongo Auzitegi Gorenari, eta bere kabuz erabakiko ditu Parot doktrinaren eraginez espetxean dauden presoen helegiteak. 52 dira Estrasburgoko erabakian oinarrituta Auzitegi Nazionalean helegitea jarria duten presoak, eta gaur bertan bederatzirenak onartu eta aske uztea erabaki du Auzitegi Nazionalak.
Ostiralero aztertuko du Auzitegi Nazionalak kasu bakoitza, eta hartutako erabakiek berehalako eragina izango dute. Gaur aske uztea erabakitako presoak, beraz, datozen orduetan aterako dira espetxetik. Oraingoz, ordea, ez dute baieztatu nortzuk diren bederatzi presoak, baina zenbait egunkarik aurreratu dituzte izenak.
El Pais egunkariaren arabera, aske geratuko direnen artean bi donostiar daude: Txomin Troitiño eta Jon Aginagalde.
Txomin Troitino 1987an espetxeratu zuten. Intxaurrondotarrak 2006ko maiatzaren 5erako libre egon behar zuen. Zigorra 2017a arte luzatu zioten. Curtis (A Coruña) espetxean dago preso.
Jon Aginagalde, berriz, 1984an espetxeratu zuten. Alde Zaharrekoak 2010eko uztailaren 4rako aske egon behar zuen, baina 197/2006 doktrina ezarri zioten honi ere. Zigorra 2014. urtea arte luzatu zioten. Alboloten (Granada) dago preso.
Aske geratuko diren beste zazpi presoak hauek dira, komunikabideek emandako izenen arabera: Jokin Mirena Sancho, Isidro Maria Garaide, Jose Ignacio Urdiain, Joseba Artola, Elias Fernandez, Juan Francisco Gomez eta Luis Maria Azkargorta.