Behobia-Donostiako Korrikalariaren azoka zabaldu dute
Bigarren urtez jarraian Anoetako Belodromotik 11.000 lagun igarotzea espero dute euren dortsalak jasotzera.
Behobia eta Donostia arteko bidea egiteko prest egongo dira 28.000 korrikalari igandean, orduan jokatuko baitute lasterketa ezaguna, 49. aldiz. Partaide horietako asko Belodromotik igaroko dira egunotan, bertan jarri baitu Fortuna kirol elkarteak Korrikalariaren azoka, bigarren urtez jarraian. Azokaren irekiera ofiziala egin dute ostiral goizean, eta bi egunotan 11.000 korrikalari inguru espero dituzte bertan. Zehazki, korrikalariek dortsala jasoko dute azokan, baina bide batez, hainbat postu bisitatzeko aukera izango dute: arropa, zapatilak, janaria, edaria… marka askok jarri dute euren postua Belodromoan, eta eskaintza bereziak jarri dituzte askok Behobia-Donostiari begira.
Azokaren irekiera zela eta, lasterketaren aurkezpen ofiziala egin dute goizean. Hala, Enrique Cifuentes Fortunako presidentearekin batera, Josu Ruiz udaleko Kirol zinegotziak, Asier Sarriegi aldundiko Kirol zuzendariak eta Javier Zapata Adidaseko ordezkariak hartu dute hitza. Guztiak ere harro agertu dira lasterketaz, eta bai Fortunak eta bai boluntarioek egiten duten lanaz. “1.400 boluntariok lan egingo dute igandean, 160 Behobiako irteeran egongo dira, 200ek segurtasuna bermatuko dute, 450 janari eta edari postuetan egongo dira eta beste 670ek helmuga prestatuko dute”, azaldu du Enrique Cifuentesek. Bestetik, Javier Zapatak ziurtatu duenez, Adidasek itxitako akordio bati esker, Chema Martinezek igandeko lasterketan parte hartuko du, eta Marc Roic-ekin lehia polita izatea espero dute.

Belodromoan du lekua aurten ere Korrikalariaren azokak. (Argazkia: E. Zabala)
- (Argazkia: E. Zabala)
- 11.000 korrikalari inguruk jasoko dituzte euren dortsalak egunotan. (Argazkia: E. Zabala)
- (Argazkia: E. Zabala)
- (Argazkia: E. Zabala)
- (Argazkia: E. Zabala)
- Behobia-Donostia lasterketaren arduradun, babesle eta laguntzaileetako batzuk. (Argazkia: E. Zabala)
- (Argazkia: E. Zabala)
- Lasterketako irabazleek jasoko dituzten sariak. (Argazkia: E. Zabala)