
Orkestra Sinfonikoak eta Ken Zazpi taldeak elkarrekin egin duten proiektua aurkeztu dute. (Argazkia: Lide Ferreira)
Proiektua Euskadiko Orkestraren Klasikat zikloaren baitan dago eta egingo duten lehenengo kontzertua Donostian izango da, abenduaren 3an, Kursaal Auditorioan.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Ken Zazpi taldea lehendabiziko aldiz batzen dituen egitasmoa aurkeztu dute gaur goizean Euskadiko Orkestraren egoitza nagusian. Elkarrekin grabatutako diskoaren eta abenduan zehar egingo dituzten kontzertuen berri emateko bertan izan dira Fernando Velazquez, moldaketen egile eta egitasmoaren musika zuzendaria; Ken Zazpi taldeko kideak; Iñigo Alberdi, Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusia; Anjel Valdes, Elkar disko etxeko ordezkaria; eta Izartza Zorrozua,
Klasikat zikloaren babeslea den Euskalteleko ordezkaria.
Iñigo Alberik azaldu duenez, oso argi zeuden Ken Zazpi Klasikat zikloaren protagonista izan behar zuela eta lortu duten emaitzak “indar asko” duela adierazi du. “2011n hasi ginen lehen pausoak ematen eta ikaragarrizko lana izan da, ilusioz betetakoa”, aitortu du Anjel Valdesek. Elkarlan honen bitartez, bi musika estiloak uztartzen saiatu dira, Fernando Velazquezek zuzenduta. “Proiektuaren istorioa abestien hitzetan dago”, esan du.

Ken Zazpi musika taldeko kideetako batzuk. (Argazkia: Lide Ferreira).
Ken Zazpi taldeko kideek egin duten lana azken urteotan joan eta etorri direnei eskaini nahi izan diete eta momentu txarrak ere pasa behar izan dituzten arren, bidean utzi eta eskuzabaltasunez proiektuaren alde egin dutela azaldu du Eñaut Elorrietak, Ken Zazpi taldeko buruak: “Erronka handia izan da, mundu klasikoa ez genuen barrutik ezagutzen eta bi urtez burubelarri aritu gara, baina lanak eman du bere emaitza, merezi izan du”. “Denek zertxobait galdu behar izan dugu talde bezala irabazteko”, gaineratu du Fernando Velazquezek.
Diskoa dagoeneko eskuragarri dago eta zuzeneko emanaldiak Donostian, Iruñan, Bilbon, Gasteizen eta Donibane Lohitzunen eskainiko dituzte. Eszenatokian, guztira 11 doinu izango dira, kantu berriak eta Ken Zazpiren arrakastatsuenak ere bai. Doinuetako batean, Easo Abesbatzak parte hartzen du. Donostiako kontzertua Kursaaleko Auditorioan izango da, abenduaren 3an, 20:00etan.