Donostia eta Igeldo banatzen ditu mendiak. Irudian, Atotxako dorreetatik hartutako hiriaren ikuspegi orokor bat. (Argazkia: Lide Ferreira)Lide Ferreira
Desanexioaren alde dauden edo ez galdetuko diete etzi igeldotarrei; erantzuna baiezkoa balitz, eta aldundiak bizilagunen hitza errespetatuz gero, bederatzi zinegotziz osatutako udal bat izango luke Igeldok.
Igeldon herri kontsulta egingo dute igandean, bertako bizilagunek desanexioaren alde dauden edo ez adieraz dezaten. Erantzuna baiezkoa balitz, eta, igeldotarren iritzia kontutan hartuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak udalerri gisa onartuko balu, Igeldoren egitura goitik behera aldatuko litzateke.
Hain zuzen ere, legeak dio 1.001 eta 2.000 biztanle artean dituzten udalerriek bederatzi zinegotzi behar dituztela izan. 5.000 biztanle baino gutxiago izanda, gainera, alkatea, alkateordea, kontuen batzordea eta Udalbatza izango lituzke gutxienez, beharren arabera osa litezkeen batzordeez gain. Igeldok 1.074 herritar izanik, balizko egoera honetan egongo litzateke.
Udal gisa eskainiko lituzkeen zerbitzuak gainontzeko udalerrien berdinak lirateke: eremu publikoa argiztatzea eta garbitzea, hilerria, ur hornikuntza eta estolderia, elikagaien kontrola, hondakinen bilketa eta bideen zolaketa. Legez ere eskumen hauek izango lituzke: leku publikoen segurtasuna eta zirkulazioaren antolaketa; bide publikoen artatzea; hirigintza-antolamendu eta kudeaketa, ondare artistiko, historiko eta ingurumenaren babesa; zerbitzu sozialak eta garraio publikoa; turismo, kirol eta kultur arloak; eta lankidetza, irakaskuntza eta osasungintza arloan eskuduntza duten erakundeekin.
Beste udalerriek osatu ohi dituzten elkargoetan parte hartzeko aukera izango luke, ur hornikuntza edo hondakinen tratamenduari dagokionez. Zerbitzu hauek mankomunitatearen bitartez eskainiko lituzke. Hain justu, inguruko udalerrietan ur hornikuntza Añarbeko Uren Mankomunitateak bideratzen du. Errenteria, Donostia, Hernani, Lasarte-Oria, Pasaia, Oiartzun, Lezo, Urnieta, Usurbil eta Astigarraga daude bertan. Hondakinen tratamendua, berriz, San Marko Mankomunitatearen esku dago aipatutako udalerri horietan. Igeldok bi erakunde horiekin bat egingo luke.
Diru iturriak bermatzeko, aldundiak zergetatik udaletara bideratu ohi duen zatiaz gain, udalerriek eurek dituzten finantzazio bide berdinak erabiliko lituzke Igeldok: zergak eta tasak, alegia. Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga edo ibilgailuen gainekoa izango lirateke esanguratsuenak.
Ezaugarri aldetik, Amezketak eta Berastegik antzekotasunak dituzte Igeldorekin. Bada, bi herri horiek 900.000 inguruko sarrerak dituzte.
Horietatik %61 Udalak Finantzatzeko Foru Funtsetik jasotzen dituzte –aldunditik, lehen aipatu bezala– eta gainerako %39, udal zerga eta tasetatik.
Egun, hitzarmenen bitartez
Aurkako kasua gertatuko balitz, bizilagunek desanexioaren kontra bozkatuz gero, ez litzateke ezer aldatuko Igeldon, hots, Donostiaren barruan jarraituko luke. Barruti bat izateko aukera ere ez lukete aurreikusiko; egun batetik bestera ez, behintzat. Donostiak bere egitura aldatu beharko luke horretarako. Hori bai, barrutien eztabaida udaletxean da, altzatarrek bultzatuta.
Igeldok berdin jarraituz gero, egun dituen zenbait ezaugarri mantenduko lituzke; hauteskunde bitartez osatutako Herri Kontseilua, tartean. Zazpi kidek parte hartzen dute bertan modu boluntarioan, igeldotarren bizi baldintzak eta berezko izaera zaintzeko helburuarekin. Inongo eskuduntzarik ez izan arren, Igeldoko bi elkartek hitzarmenak egin dituzte Donostiako Udalarekin.
Herri Kontseiluak, esaterako, hitzarmena du udalarekin. Hala, kultur etxerik ez duten auzoen diru laguntza jasotzen du. Lizardi pilota eskolak ere 2012an sinatu zuen hitzarmena. Akordioari esker, udalak zazpi mila euro bideratu zituen frontoiaren erabilera antolatzeko.