Euri asko egingo duenez, Pasealeku Berriak itxita jarraituko du
Aurreikuspenen arabera euri asko egingo du datozen egunetan, eta herritarren segurtasuna bermatzeko Pasealeku Berria itxita mantentzea erabaki dute.
Azken hilabeteetako arazoak ikusirik, udal gobernuak euriteen historiari eta luiziekin izan duten harremanari buruzko txosten bat egiteko eskatu zuen. Txosten hori atzo iritsi zen, eta jasotako datuen arabera, 20 milimetrotik gorako euriteetan, luiziak sortzeko aukera nabarmen handitzen da. Hain zuzen ere, azken hamarkadan eurite garaian gertatu dira luizien % 77a.
Atzo goizaldean beste luizi bat gertatu zen Aquariumetik gertu. Teknikoek eremua aztertu dute eta luizi berri horren eraginez harri gehiago askatzeko arriskurik ez dagoela adierazi du Nora Galparsoro, azpiegitura eta zerbitzuetako zinegotziak.
Dena den, udal gobernua hegal hori egonkortzeko aukerak aztertzen ari da. 2007ko egonkortze egitasmoa eguneratzea eta gauzatzea litzateke aukera horietako bat. Izan ere, aurreko legealdian ezin izan zuten egin, finantziazio arazoen ondorioz.
Bestalde, Urgull iparraldeko hegala egonkortzeko lanek ere aurrera jarraitzen dute. Lanak urriaren 25ean esleitu zizkion udalak Urbycolan enpresari eta berehala hasiko dira.
Eremu ezegonkorren azterketa
Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia hegal eta ezponda ezegonkorrak egonkortzeko eta haien jarraipena egiteko protokolo bat osatzen ari dira. Horretarako, zaindu eta mantendu beharreko hegalen errolda egiten hasi dira. Horrela, luiziei buruzko datuak lortzeko metodoak finkatu nahi dituzte
Nora Galparsorok argitu duenez, “luizien eraginez sortutako konponketa asko egiten ari gara eta Donostiak edukiko duen hegalen lehenengo errolda egitea oso garrantzitsua iruditzen zaigu, azterketa zabalagoa egiteko eta etorkizunera begira lehentasunak zehazteko. Tresna horrek prebentzio arloan hobeto lan egiten lagunduko digu”.
Pasealeku Berria itxita mantentzeko erabakiaren ondorioz, aldaketak sortuko dira trafikoan eta aparkalekuetan; udalak hartuko dituzten neurriei buruzko informazio zehatza eskaintzen jarraituko duela adierazi du.