Altzako inguru honetan egingo dituzte baratzeak. (Argazkiak: Agurtzane Altuna)
Udaberrian jarriko dituzte abian lehen baratzeak eta urtarrilaren 7tik aurrera izango dute herritarrek eskaera egiteko aukera.
Donostiako udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak baratze publikoak egiteko proiektua onartu du gaur goizean, eta lanak 119.997 euroko aurrekontuarekin eskainiko dituzte. Altzako Marrus kalean egingo dituzte, Lau-Haizeta parkean, eta guztira 45.465 metro koadroko azalera hartuko dute.
Axier Jaka ingurumen zinegotziak aurreratu duenez, lanak hiru hilabetean amaitu beharko dituzte. Ondorioz, lehen baratzeak datorren urteko udaberrirako prest egongo direla aurreikusten dute. Egokitzapen lanak faseka egingo dituzte eta udaberrirako 80 baratze jarriko dituzte abian; lur sailak egokitzen doazen neurrian emango dituzte gainerakoak.
Herritarrek urtarriletik aurrera izango dute aukera baratze publikoen proiektuan izena emateko. Epea urtarrilaren 7an irekiko dute eta hilabetez edukiko dute zabalik. Baratzeak baino eskaera gehiago baleude, zozketa bat egingo lukete, adin ezberdinetako tarteak eta bestelako ezaugarri batzuk aintzat hartuz. Bete beharreko baldintza bakarra eskaera egin baino urtebete lehenagotik hirian erroldatuta egotea izango da.
Axier Jakak nabarmendu duenez, “baratzeen asmoa donostiarrek hiritik atera gabe lur eremu bat eskura izatea da, berez nekazal mundukoa den jarduera batera gerturatuz. Bide batez, naturaren zikloak ezagutzeko eta natura bera zaintzeko aukera izango dute herritarrek, ustiapen modua aintzat hartuta”. Izan ere, baratzeak autokontsumora bideratuko dituzte soilik, eta nekazaritza ekologikoa izango dute ardatz.