Ramon Gomez: "Guk ere nahi dugu metroa"
Ramon Gomez, PPko bozeramaileak haserre hitz egin du Eusko Jaurlaritzak 2014rako aurkeztu dituen aurrekontuen inguruan. Donostialdeko metroaren gaia da Gomez gehien kezkatzen duena, bere esanetan, Eusko Jaurlaritzak 80.000 euro bideratuko baititu proiektuaren inguruko azterketa berriak egiteko. “Harpa jotzen ari direla dirudi; Bilborekin batera hasi zen Donostia, hirian metroa edota tranbia jartzeko azterketak egiten. Bilbon hirugarren linea egingo dute, eta Donostian azterketak egiten jarraitzen dute oraindik; guk ere nahi dugu metroa”, esan du Ramon Gomezek haserre.
EAJ eta PSEk lortutako akordioaren baitan, Lugariztik Easorainoko bidea egingo du Donostialdeko metroak 2014-2020 bitartean. Baina “aurrekontuak ikusirik, nekez beteko dira asmo horiek” popularren arabera.
Hurrengo udalbatzarrera eramango du gaia PPk, eta erakunde adierazpen bat aurkeztuko du bertan, aurrekontuak egokitzeko eskatuz Eusko Jaurlaritzari.