Igeldotarren %61ek udalerri propioa izan nahi dute
“Igeldo udalerria izatea nahi duzu” galderak badu erantzuna. Hain zuzen ere, igandean egindako herri kontsultan igeldotarren %61,38 (391 boto) desanexioaren alde azaldu dira; kontra %36,73 agertu dira (234 boto). Parte hartzea oso altua izan da, %72,1ekoa (637 boto zenbatu dituzte guztira). Baliogabetutako botoak 2 izan dira, eta zuri 10 igeldotarrek bozkatu dute.
20:00etan puntu puntuan itxi dute bozketa. Gipuzkoako Foru Aldundiko Herritarren Partaidetzarako zuzendari nagusi Arantxa Ruiz de Larrinagak gidatu du kontaketa, bera izan baita mahaiko presidentea. Zenbaketa irekia izan da; horrenbestez, herri kontsultak sortutako ikusmina dela eta, Itsas Aurre kultur etxea lepo bete da. Herritar ugarik jarraitu dute kontaketa bertatik bertara, eta komunikabide asko izan dira Igeldon.
Emaitzaren berri eman dutenean, 20:40ak aldera, pozez lehertu da aretoa. Besarkadak eta irrifarrak izan dira nagusi kultur etxean bildutako igeldotarren artean.