Udalerri propio ala Donostiako auzo baten parte izan nahi duten adieraziko dute gaur igeldotarrek
Iritsi da herri kontsultaren eguna. «Igeldo udalerria izatea nahi duzu» galderari erantzuteko aukera izango dute gaur 883 igeldotarrek, 442 gizonezkok eta 441 emakumek, Igeldon erroldatuta dauden 1.074 herritarren artean. Hori bai, igeldotar batek, Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek, ez du bozkatuko, legeak agindutako neutraltasuna bermatzeko.
Hain zuzen ere, 16 urtetik gorakoek dute botoa emateko eskubidea, eta gutxienez 85 pertsonek eman dute dagoeneko posta bidez, aste hasieran aldundiak emandako datuen arabera.
Itsas Aurre kultur etxeak 9:00etatik 20:00ak bitartean irekiko ditu ateak, herri kontsulta bertan egin dezaten. Zenbaketa 20:00etan hasiko dute, eta 20:30ean jakinaraziko dute emaitza. Kontaketa irekia izango da.
Mahai bakarra egongo da, eta hortik pasako dira igeldotarrak botoa emateko. Mahaiaren presidentea Gipuzkoako Foru Aldundiko Herritarren Partaidetzarako zuzendari nagusi Arantxa Ruiz de Larrinaga izango da; presidenteordea, Herri Kontseiluko kide Ramon Uruzmendi; eta idazkariak, aldundiko teknikari eta aholkulariak. Begiraleak ere egongo dira eta udalak eta Batzar Nagusiek ere ordezkariak izango dituzte bertan, kontsulta behar bezala egiten dutela bertatik bertara zaintzeko.
Aldundiak gonbidapena luzatu die alderdi politiko guztietako ordezkariei, baina oposizioak uko egin dio Igeldon egoteari. Hala, kontsulta bertatik bertara jarraituko dutenen artean Bilduko ordezkari hauek egongo dira: Batzar Nagusietako lehendakari Lohizune Txarola, Bildu batzarkide taldeko bozeramaile Idoia Ormazabal eta Donostiako Udaleko Informazio eta Partaidetzako zinegotzi Axier Jaka, besteren artean.
Herri kontsultari buruzko jarraipen zabala egin du Irutxuloko Hitzak aste honetako astekarian; Igeldo udalerri izango balitz egongo liratekeen aldaketak esplikatuta, tartean. Gaur webguneak herri kontsultaren berri emango du, bideo eta albisteen bitartez.