Pedro Nimo, garailea: 'Veni, vidi, vici'
Behobia-Donostia herri lasterketak izen berri bat du bere garaipenen zerrendan: Pedro Nimo galiziarrarena, hain justu. Korrikalari honek lehen aldiz parte hartu du lasterketan eta, debutaria izan arren, azkarrena izan da Behobia eta Donostiako Bulebarra arteko ibilbide gorabeheratsuan. Galiziarrak 1 ordu 4 minutu eta 30 segundoko denbora egin du, bigarren eta hirugarren postuan bukatu duten Marc Roig kataluniarra (1:05:49) eta Chema Martinez madrildarratik (1:06:28) urruti.
Emakumeei dagokienez, Claudia Behobide hondarribiarra izan da azkarrena, 1 ordu 16 minutu eta 20 segundoko denborarekin. Bere lehenengo garaipena da Bulebarrean.
Santiago de Compostelan jaioa, Nimok 33 urte ditu. Maratoia da bere proba gogokoena; 2 ordu eta 12 minutuko denbora du. Donostiako Maratoian izango da azaroaren 24ean, baina erbi lanak egiten Pablo Villalobos faboritoarentzat. Helmugan, Nimo oso pozik azaldu da garaipenarekin, eta zaleei eta korrikalari herrikoiei eskaini die garaipena: “Eurak gabe honek ez luke zentzurik izango; igandea hipotekatzen dute honera etortzeko, senideek, zaleek eta korrikalariek eurek. Ezin dut esan irabazlea naizenik, irabazleak baitira 23.000 korrikalariak. Oilo ipurdia jarri didate txaloekin”, erantsi du. “Euskal Herrira etortzea desberdina da, esfortzua baloratzen dakitelako. Markak eta garaipenak ahazten dira, beti etorriko da hobeagoa den norbait, baina hemengo jarraitzaileen babesa ez da sekula ahazten. Agian hurrengo urtean ez dut irabaziko, baina baloratuko didate berdin berdin. Beste inonen ez da halakorik gertatzen”, erantsi du.