Arte Ederren eraikinaren segurtasuna zalantzan jarri du PPk
Alderdi Popularra kezkatuta agertu da Arte Ederren eraikinaren egoera dela eta. SADEk eraikina erortzeko arriskuan zegoela eta, inguruan babes hesiak jarri eta eraikinaren zati batzuk botatzeko baimena eskatu zion udalari, beren eskaera arrazoitzen zuen txosten bat aurkeztuz.
Udal gobernuak ez du ingurua hesitzeko arrazoirik ikusi, eta Arte Ederren eraikinak bere horretan jarraitzen du. Baina PPk kezkatuta jarraitzen du eta informazioa eskatuko dio udal gobernuari. SADEren txostenak zer dioen jakin nahi dute, udal teknikariek zein ondorio atera dituzten, eta batez ere, Arte Ederren eraikina seguru ote dagoen jakin nahi dute.
Jose Luis Arrue, PPko zinegotziaren hitzetan, “Arte Ederren izaera bera ere zalantzan dago, baina kasu honetan herritarren segurtasunak kezkatzen gaitu”. Hurrengo udalbatzarrera eramango dute gaia popularrek.