Donostiako 36. Maratoia jokatuko dute azaroaren 24an
Maratoi erdia eta 10 kilometroko lasterketa egiteko aukera ere izango dute partaideek, eta guztira, 5.500 korrikalari inguru espero dituzte antolatzaileek.
Behobia-Donostian ateratzeko gogoz geratu zenak, edo parte hartu eta oraindik ere korrika gehiago egin nahi duenak ez dauka etxean geratzeko aitzakiarik. Izan ere, azaroaren 24an, Donostiako 36. Maratoia egongo da jokoan, eta lehia nagusia 42 kilometroko lasterketa izango den arren, maratoi erdia zein 10 kilometroko lasterketa egiteko aukera izango dute partaideek. Gaur eguerdian egin dute maratoiaren aurkezpena, udaletxean, eta bertan bat egin dute Fly Groupeko antolatzaileek, babesleek eta korrikalarietako batzuk. Hori bai, aurkezpena hasi aurretik, minutu bateko isilunea gorde dute Behobia-Donostia lasterketan hildako Arantxa Ezkerro korrikalariaren omenez.
Donostiako Maratoiak hiriaren erdiguneko kaleak zeharkatzen ditu, eta ibilbide guztiz laua da. Beraz, markak hobetzeko ibilbide aproposa den arren, eguraldia izaten da gakoa, euria eta haizea korrikalarien oztopo izaten baitira. Aurtengo maratoian, gainera, Espainiako Txapelketa eta Gipuzkoako Txapelketa egongo dira jokoan. Espainiako Txapelketari dagokionean, lehenengo bi sailkatuek zuzenean Europako Txapelketan lehiatzeko txartela lortuko dute. Horri esker, Maratoiko kirol zuzendaria den Carlos Bengoetxearen ustez, maila handiko atletak lehiatuko dira Donostian, eta inoizko maratoirik onena ikusteko aukera izango da bere esanetan. Gipuzkoako Txapelketa irabazteko, Asier Cuevas eibartarra, iazko irabazlea izandakoa, eta Ibon Esparza daude faboritoen artean; eta emakumezkoetan, Claudia Behobide hondarribiarra eta Amaia Ostolaza donostiarra, besteren artean. Atleta herrikoiei ere deia egin diete antolatzaileek, eta gogorarazi dute, iaz parte hartu zuen %69ak bere marka hobetzea lortu zuela.
Kontuak kontu, azaroaren 24an Donostian 5.500 korrikalari inguru espero dituzte antolatzaileek lehian, hiru probetako partaideak kontuan izanda. Maratoia izango da proba nagusia eta partaide gehien bilduko dituena, 3.500 korrikalari inguru, hain zuzen ere.

Antolatzaile, laguntzaile eta korrikalarietako batzuk. (Argazkia: E. Zabala)