Hirigintzak izan duen bilakaera islatzen du '200 urteko hiria' erakusketak
San Telmo Museoko Laborategian egongo da ikusgai erakusketa gaurtik abenduaren 8a arte.
Hiriaren suntsiketa eta berreraiketaren Bigarren Mendeurreneko 12. mugarria aurkeztu dute San Telmo Museoan. Oraingoan, hirigintzari buruzko erakusketa baten bidez erakutsiko dute duela bi mende gertatutakoa, eta baita bi mende hauetan hiriak izan duen bilakaera ere.
“San Telmo Museotik atera gabe, Donostian barrena egin daitekeen ibilalditxo bat da”, esan du Juan Karlos Izagirre alkateak. Plano zaharrak, sekula argitaratu gabeko argazkiak, desagertu diren eraikinen argazkiak, kale eta auzoen bilakaera…bildu dituzte, Donostiako hirigintza nolakoa izan den erakusten duen bilduma honetan.
Izagirrek erakusketaren prestaketak izan duen izaera parte hartzailea azpimarratu du, hainbat erakunde, elkarte eta ikasleren artean osatu baitute erakusketa. Estanislao Fernandez, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoko kideak azaldu duenez gainera, herritarrek ulertzeko moduan aurkeztu dituzte agiriak eta testuak; “Arkitektoentzat lan egiten ohituak gaude, baina oraingoan ahalegin berezia egin dugu”, esan du Fernandezek.
Berrehun urtetako bilakaera areto batean sartzea zaila izan dela onartu dute antolatzaileek, baina agiriak ahalik eta errealen erakusten saiatu dira. Horregatik, kolore, tamaina eta sinadura ezberdinetako plano eta agiriak ikus daitezke erakusketan.
Hiru ardatzetako ibilbidea
Donostia berreraikitzea erabaki zuten unean bertan hasten da San Telmo Museoko Laborategian (2. solairua) marraztu duten ibilbidea. Lehen ardatzari esker, hirigintzaren bilakaera modu kronologikoan kontatu dute, eta aretoko hormetan aurrera egin ahala, plano eta argazki historikoen mosaikoa osatuz doa.
Bigarren ardatza Parte Zaharrari dagokio. Bertako 20 eraikin garrantzitsuenen azalpen arkitektonikoak deskribatu dituzte. Udaletxe zaharra, Santa Teresa komentua, Konstituzio plaza, San Bizente eliza, Bulebarreko zumardia, Santa Katalina zubia, Portua, Goikoa Jauregia eta Antzoki Zaharra dira horietako batzuk.
Azkenik, ikus-entzunezko baten bidez Donostian barnako ibilbidea eskaintzen dute bertako kale eta eraikinetan zehar, eraikiak izan ziren ordena berean. Juan Karlos Izagirrek adierazi duenez 200 urtetako lana erakusten du erakusketa honek, baina aurrerantzean ere hiria eraikitzen jarraitu beharra dago. “Oraingoan eraikinei begira jarri bagara ere, pertsonok osatzen dugu hiria, eta denon artean osatu behar dugu historia”, esan du Izagirrek, erakusketaz gozatzeko gonbita luzatuz herritar guztiei.
200 urteko hiria erakusketaren osagarri gisa, haurrentzako tailerrak, hitzaldiak, bisita gidatuak eta arkitektura tailerrak ere antolatu dituzte erakusketak irauten duen bitartean.