Iberdrola krisi mahaian egotea proposatu du udal gobernuak
Duela bi urte izandako uholdeen harira, udal gobernuko ordezkaritza zabal batek beste bilera bat egin du asteartean; kasu honetan, Txomin Eneako bizilagunekin. Martuteneko Gaztelekuan izan ziren atzo alkatea, zenbait zinegotzi eta teknikariak; bada, astearte gauean, Txomin Eneako kultur etxean eman dituzte Urumean egin beharreko lanen azalpenak eta orain arte egindakoaren errepasoa.
Herritarren kezkak jaso dituzte oraingoan ere. Martutenen baino kritikoagoak izan dira Txomin Enean, baina udal gobernua euren galdera eta beharrei erantzuten saiatu da. Hain zuzen ere, auzotarrek duela bi urteko uholdeekin argindarrik gabe geratu zirela ekarri dute gogora. “Uholdeak pairatzea izugarria da, baina are eta izugarriagoa izaten da argirik gabe geratuz gero”, adierazi du Moises Alvaro auzotarrak, eta zenbait bizilagun argirik gabe 45 orduz egon zirela azaldu du.
Txomin Enean Martutenen dagoen arazo bera dagoela azpimarratu eta gero (lurperatuta daude sorgailuak), udal ordezkariek sarea aldatzeak denbora asko beharko lukeela adierazi dute, bai izapide aldetik, eta baita lanak egitekotan ere. Izapideei dagokienez, udal irizpidea da sorgailu guztiak lurperatuta egotea; horrenbestez, araudia aldatu beharko lukete sorgailuak kanpoaldean egokitu ahal izateko, betiere uholdeak pairatu ditzazketen eremuetan soilik. Aldaketa horiek denbora behar dutenez, bitartean, Babes Zibileko zinegotzi Nekane Burutaranek beste zer edo zer egin daitekeela proposatu du: Iberdrola ere krisi mahaian egotea, Urumeak gainezka egiten duenean. Juan Karlos Izagirre alkateak babestu du ideia hori, auzotarren kezkak eraginda asmatutakoa. “Suhiltzaileak, Udaltzaingoa edo gizarte zerbitzuko ordezkariak dauden bezala, ideia ona da Iberdrola ere krisi mahaian egotea. Ikusi beharko litzateke argia berehala berreskuratzea posible izango litzatekeen edo ez, baina behintzat mahaian egongo lirateke, aterabideren bat bilatzeko”, azaldu du alkateak
Bestalde, astelehenean Martutenen gertatu bezala, Txomin Enean ere erantzunik izan ez duen gertakari bat pairatu zuten duela astebete; azaroaren 5ean, hain justu. Egun horretan urak gainezka egin zuen auzoan; hori bai, azkenean ez zen kalterik egon. Udalak egoera hori aztertuko duela agindu du, horren berri ez zuela aitortu baitu.
Auzotarren ekarpenak eta galderak alde batera utzita, orain arte egindako lanen berri emateko orduan, Hirigintza zinegotzi Ricardo Burutaranek eraiste lan gehiago iragarri ditu datozen egunetarako. “Aste bat edo bi aste barru, Aintzieta pasealekuko 29. zenbakian, Rosario Enean, ziurrenik, eraiste lanak egingo ditugu. Epe laburrean aurreikusita ditugun eraiste lanen artean Aintzieta pasealekuko 10. zenbakia eta Kristobaldegi ere daude, azken honetan ibaitik gertuen dagoen komentuaren aldea botatzeko helburuarekin”, jakinarazi du.