Iñaki Serrano eibartarrak irabazi du Mikel Essery V. Bidaia Kontakizun Lehiaketa
‘Mali sutan’ lanarengatik izan da txapelduna, eta beste 16 kontakizunekin batera ‘Mambo Poa 5’ liburua argitaratu dute.
Mikel Essery V. Bidaia Kontakizun Lehiaketa Iñaki Serrano eibartarrak irabazi du. Halaxe argitu dute gaur Parte Zaharreko Elkar Megadendan, eta bertan, Mambo Poa 5 liburuaren aurkezpena izan dute. Liburuan, Mali Sutan kontakizun irabazlearekin batera, lehiaketara aurkeztutako beste 16 kontakizun aukeratu dituzte liburua osatzeko; 10 euroren truke eros daiteke liburua.
Zehazki, aurtengo lehiaketan 51 kontakizunek parte hartu dute: 30 gaztelaniaz, 10 katalanez, 8 euskaraz, 2 ingelesez eta 1 galizieraz. Hala, lehen aldiz, euskaraz idatzitako kontakizun bat izan da txapelduna. Epaimahaiaren iritziz, “hizkuntza oso pertsonal eta aberats batean” idatzi du Serranok. “Beti izan dut gogoko bidaiatzea. Duela urte batzuk Malin egon nintzen, orain gerran dagoen gunea. Gogoeta egin dut lehengo Mali hura eta oraingoaren artean, eta bertako jendea nola egon daitekeen. Hiru pertsonaia sortu ditut, bakoitzak bere arrazoiengatik Malira itzuli behar du, bertan zerbait utzi dutelako”, azaldu du Serranok. Lehiaketa irabazteagatik bidaia bat jasoko du opari gisa Serranok; baina oraindik jakiteko dago nora bidaiatuko duen.
Mikel Essery lehiaketa 2009an antolatu zuten lehen aldiz. Izan ere, 2007an Yemenen izandako atentau batean hil zen Essery, eta haren omenez kontakizun lehiaketa egitea erabaki zuten bere lagunek. Zarauztarra zen Essery, Egian bizi zen eta Intxaurrondo Hegoa Ikastetxeko ikasketa burua izan zen.
Datorren urteko lehiaketa abian da jada. Urtarrilaren 1etik maiatzaren 1a bitartean egongo da lanak aurkezteko aukera. Lehiaketaren oinarriak Mikel Munduan webgunean topa daitezke.

Iñaki Serrano, Mambo Poa 5 liburua eskuetan duela. (Argazkia: E. Zabala)