Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak zortzi milioi euro ordainduko ditu kalte-ordain gisa
Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak Zubietako errauste plantaren obra egin behar zuten enpresekin akordioa lortu du, kontratuak bertan behera uzteko. Lanak eteteko erabakia uztailean hartu zuen partzuergoak, baina jakiteko zegoen zer-nolako kalte-ordainak eman beharko zizkien enpresei errauste plantaren proiektua behin betiko baztertu ahal izateko. 24 milioi euroko kopurua aipatu izan zuten, zurrumurruen artean, baina azkenean ia 8.190.000 euro izango dira guztira.
“Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak UTE Gipuzkoa CGR-ri honako zenbateko hau ordainduko dio: %3 eraiki gabe geratu den zatiaren lortu gabeko irabaziengatik, eta %3 CGRGk proiektatutako planten ustiapenaren bost lehenengo urteengatik”, dio akordioak kalte-ordainari buruz. Ondoren azaltzen du lehen zatiari dagokiona 6.690.000 euro direla eta bigarrenari, 1.500.000. Modu horretan, kopuru hori ordainduta, bi aldeen arteko kontratu harremana amaitu dute, eta, ondorioz, Zubietako erraustegia eraikitzeari agur esan diote, “ondoriorik gabe”.
Donostian sinatu dute akordioa eguerdian partzuergoko ordezkariek eta enpresa eraikitzaileetakoek ―FCC, Serbitzu Elkartea, Altuna y Uria eta AE&E Inova―, foru aldundiaren egoitzan. Ainhoa Intxaurrandieta GHKko eta Partzuergoko presidentea, Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatua eta Carmelo Aguas Martinez obra egitekoa zen aldi baterako enpresen elkarteko gerenteak eman dute akordioaren berri. Intxaurrandietak eta Aguas Martinezek irakurri dute adostutako testua.
Azaldu dutenez urrian hasi ziren negoziatzen, eta bi hilabeteko epea eman zioten akordioa lortzeko. Hilabete pasatxoan egin dute azkenean. “Albiste on bat ematera gatoz. Akordio lortu dugu”, esan du Intxaurrandietak. Gero adierazpenik ez dute egin kazetarien aurrean, baina arratsaldean emango dituzte azalpenak Intxaurrandietak eta Errazkinek.
Bide judizialera jotzeko aukera zuten enpresek, baina akordioarekin aukera hori baztertuta geratu da.