Isunen ordez gizarte lanak egitea proposatu du EAJk
Udal ordenantzak urratzeagatik jarritako isunak gizartearentzako lanak eginez kitatu ahal izatea lortu nahi dute jeltzaleek. Berez, 2011ko Osoko Bilkuran onartu zuten gaia aztertzeko batzorde bat sortzea, baina egun proposamen hark oraindik ez duela emaitzarik eman salatu du EAJk.
Hurrengo Zerbitzu Orokorretako Batzordean aterako dute berriro gaia. Aitziber San Roman, EAJko zinegotziak adierazi duenez, “isunen helburua ez luke diru sarrerak lortzea izan behar, arauak hausten dituen herritarra egindako kalteaz jabetzea baizik”. Zentzu horretan, aukera bikaina iruditzen zaie hainbat isun gizarte lanen bidez kitatu ahal izatea. Horretarako, ordea, batzorde bat osatzea beharrezkoa dela uste dute jeltzaleek, lanak eginez kitatu daitezkeen isunak zeintzuk diren, zein lan mota agindu daitezkeen eta nori agindu ahal izango zaizkien zehazteko, besteak beste. Zentzu horretan, beste herri batzuetako erreferentziak badituztela adierazi du San Romanek, Bilboko eredua adibidez, baina gaiari forma emateko jarrera irekia dutela azpimarratu dute.