
Jose eta Susana, IRPH indizeagatik kaltetutako herritarrak. (Argazkia: Lide Ferreira)
IRPHak Kaltetutakoen Gipuzkoako Elkarteko kide diren Jose eta Susanak, Stop Kaleratzeak plataformaren abokatuen laguntzarekin, Kutxabanken aurkako salaketa jarri dute, kontratua ez betetzeagatik.
Donostiako Epaitegietan kaltetuei babesa emateko pertsona ugari bildu dira eta Maite Ortiz eta Jose Maria Erauskin abokatuek hartu dute hitza komunikabideen aurrean azalpenak emateko. “Milaka familiek Kutxabakekin sinatutako hipoteken kontratuetan ezartzen da IRPH indizea desagertuz gero, Euribor +1 aplikatuko zaiela. Hala ere, azaroaren 1ean IRPH indizea ofizialki desagertu zen eta Kutxabankek aldaketa hori ez du egin; horregatik, epaitegietara jotzea erabaki dugu”. Aldaketak hileroko kuotan 400€ arteko murrizketa suposatzen du.
Era berean, ordezkapen honek mailegua sortu zen “une beretik” eragina izatea eskatzen dute. Izan ere, Jose eta Susanaren hipoteka maileguaren hirugarren bis klausulak dioenez, indizea desagertzen bada, eragiketaren “bizitza osoan” eragingo du, hau da, indize hori aplikatuta egin diren eragiketa guztiak aldatu beharko dira, horrek suposatzen duen dirua bueltatuz. “Orain indizea aldatu denez, zor diguten diru guztia bueltatzen badigute, gure egunerokotasunean asko lagunduko digu”, adierazi du Susanak.

Kaltetuengatik elkarretaratzea egin dute Donostiako Epaitegietan. (Argazkia: Lide Ferreira)
“Kutxabankek hurrengo berrikusketan indizea aldatuko du; baina berrikusketa hori urrian daukaten familia askok hurrengo urtera arte itxaron beharko lukete eta hori ezin dugu onartu, klausulan jartzen duena bete behar dute”, azpimarratu du Erauskinek.