Zarata gutxitzeko Amaran trenbidea lurpetik igarotzea nahi du PPk
Amarako bizilagunak, Errondo pasealekukoak eta Autonomia kalekoak bereziki izan ditu gogoan Iñigo Arcauz, PPko zinegotziak gaurko prentsaurrekoan. Izan ere, ohiko lanegun batean 460 tren igarotzen direla adierazi du Arcauzek, hiru minuturo bat. “Oso datu positiboa da hiru minutuko maiztasuna izatea trenek, zerbitzuaren kalitatea islatzen duelako, baina era berean bertako bizilagunek jasan behar dutena ere kontuan hartu beharrekoa dela uste dugu”, esan du Arcauzek.
Trena Donostiara iritsi zenetik 100 urte igaro direla esan du zinegotzi popularrak, eta urteurren hura pozik ospatu zutela, baina XXI. mendeari dagozkion azpiegiturak merezi dituela Amarak uste du Arcauzek. Horretarako, trenbidea lurpetik igarotzea ezinbestekoa dela uste dute. “Donostialdeko metroa egiten badute arazoa konponduko litzateke, baina Eusko Jaurlaritzak geldirik dauka egitasmoa”, esan du.
Gaia berriro mahai gainean jartzeko unea dela uste du PPk, eta hurrengo udalbatzarrera eramango dute. Amarako bizilagunek jasan behar duten zarataz kezkaturik egoeraren gaineko iritzia eskatuko diote udal gobernuari.