Bi egunez erosketak merkeago egiteko bonuak eskainiko dituzte
Bonuaren erabilera
Bonu bakoitza (30 eurokoa) leku bakar batean erabili ahal izango da. Gastua handiagoa bada, kontsumitzaileak ordaindu beharko du diferentzia, eta txikiagoa bada, ez zaio dirurik itzuliko.
Taberna eta jatetxeetan otorduak egiteko bakarrik onartuko dute bonua. Eta dendetan, berriz, gehienez bi bonu metatu ahal izango dira, beti ere erosketa 70 eurotik gorakoa baldin bada.
Guztira 428 bonu jarriko dituzte salgai. Dagoeneko eskuragarri daude SShops Donostian, Gipuzkoako Ostalaritza Elkartean, Bulebarreko Turismo bulegoan eta Gipuzkoa plazako Punto dendan.
Azaroaren 22 eta 23an erabili ahal izango dituzte bonuak Donostiako hainbat saltoki, taberna eta jatetxetan.
SShops Donostiak eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak, Sustapenaren laguntzarekin, Bonu Plana jarri dute abian lehen aldiz Donostian. Herritarren eta bisitarien artean kontsumoa bultzatzeko helburuz, deskontu bonuak eskainiko dituzte.
Azaroaren 22 eta 23an erabili ahal izango dira, eta maratoiaren bezpera denez eta jende ugari etortzen denez Donostiara, arrakasta handia izatea espero dute. 60 euroko bonuak dira, 30 euro saltokietan gastatzeko, eta beste 30 euro taberna edo jatetxeetan otordua egiteko, baina erabiltzaileak 40 euro bakarrik ordainduko ditu. Hortaz, Bonu Planean parte hartzen duenak %33a aurreztuko du.
Bonu Planean Donostiako 60 saltokik eta 22 jatetxe edo tabernak hartu dute parte. Guztietan kanpainaren berri ematen duen ikur bat jarriko dute. Merkatariak eta ostalariak elkartu dituen egitasmo hau, oso garrantzitsua dela uste dute hiriko ekonomiari bultzada emateko. “Guztiak aterako dira irabazten, bai saltzaileak edo ostalariak eta baita kontsumitzaileak ere”, esan du Euken Sese, Sustapeneko zuzendariak.