'Eginzaleen' azoka egingo dute suhitzaileen egoitza zaharrean
Donostiako suhiltzaileen egoitza zaharrean, larunbatean (azaroak 16) eskulangintza tradizionala eta hainbat motatako teknologiak uztartzen dituzten gure inguruko artista eta artisauen lanak ikusteko aukera izango da. Azokaren osagarri gisa, lantegiak ere izango dira, haur zein helduentzat.
Jarduera hau Arteleku eta Tabakalerako laborategiek elkarlanean jorratutako Eginzaleak! Artisau Digitalak ekimenaren baitan kokatzen da. Azokak amaiera emango dio joan den urrian abiatutako jarduera eta lantegi sortari. Guztiek fabrikazio digitala, Do It Yourself erako software/hardwarea eta ekoizpen eta banaketa modu berriei eta sareei esker biziberritu diren eskulangintza prozesu eta teknikak izan dituzte ardatz.
Alde batetik, azoka lantegi horietan egindako lanaren erakuslehio izango da: fabrikazio digitala erabiliz lanparak diseinatzeko tailerra, 3Dan inprimatutako reflex kamera bat muntatzeko tailerra, arropa soinudunen tailerra eta objektu fisikoak digitalizatu eta objektu digitalak materia bihurtzea helburu zuen experimentazio tailerra.
Beste hainbat artista eta artisauek ere bat egin dute ekimenarekin eta larunbatean euren lanak erakusten izango dira Donostian. Hainbat alorretako proiektuak bat eging o dute bertan, hala nola, arropa eta osagarrien diseinua, 3D inprimaketa, era guztietako eskulanak, teknologiarekin lotutako proiektu artistikoak, etab.
Azokaz gain, egunean zehar egingo diren tailerretan parte hartzeko aukera ere izango da. Alde batetik, bordatu interaktiboen tailerra, helduentzat. Eskuz eginiko bordatu sinpleak oinarri hartuta, parte hartzaileek zirkuitu erraz bat eraikiko dute, elektrizitatea garraiatzeko ahalmena duten ehun eta hariekin. Bestetik, haurrei zuzendutako tailer bat ere izango da, arropa birziklatu eta berrerabiltzearen ingurukoa. Lantegi hauek 50 minutu inguruko iraupena izango dute eta goizez eta arratsaldez izango dira. Izen-ematea doakoa da eta www.tabakalera.eu egin daiteke.