Euskararen Ginkanan parte hartzeko izen ematea zabalik da
Asteroko internet bidezko probetan puntuazio gehien batzen dituzten 4 taldeak pasako dira San Telmo Museoan egingo duten lehiaketako final handira.
Prest dago jada 3. Euskararen Ginkana. Kutxa Ekoguneak euskaraz eta euskararekin dibertitzeko antolatu duen lehiaketa da Euskararen Ginkana. Aurten taldeka lehiatuko dira parte hartzaileak. Asteroko internet bidezko probetan puntuazio gehien batzen dituzten 4 taldeak pasako dira San Telmo Museoan egingo duten lehiaketako final handira.
Hizkuntza aniztasuna izango da aurtengo gaia eta beraz, gainditu beharreko probak eta galderak munduko zein Euskal Herriko hizkuntza aniztasunari lotuak izango dira. Munduko hizkuntza aniztasuna galtzen ari den honetan, hizkuntza eta kultura aniztasun handia aurki dezakegu gure herri zein auzoetan. Hizkuntza aberastasun honen erakusle izan nahi du Euskararen Ginkanak. Hizkuntza eta kultura aniztasun hau ezagutarazi, aitortu eta egoki kudeatzeak aukera berriak zabaltzen dizkio euskarari. Aldi berean, euskaldunok munduko hizkuntza aniztasunari egiten diogun ekarpen handiena euskarari eustea eta euskara besteoi ematea da.
Bi fasetan zatituko da ginkana: lehenengoa abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunarekin hasi eta urtarrilaren 16an amaituko da. Fase honetan Euskararenginkana.net webgunean astero argitaratuko diren probak gainditu beharko dituzte taldeek. Bigarren fasea, urtarrilaren 25eko final handia izango da, Donostiako San Telmo Museoan. Bertan lehen fasean puntu gehien lortu dituzten 4 talde parte-hartzaileak lehiatuko dira.
Parte-hartzea taldekakoa izango da eta euskararen aldeko proiekturen bat gauzatzen duen talde, elkarte edo eragile bat ordezkatuko duten 4-6 laguneko taldeak osatu beharko dira parte hartu ahal izateko. Izena ematea azaroaren 8an hasi eta abenduaren 3an amaituko da. Izen ematea gauzatzeko, Euskararenginkana.net webguneko formularioa betetzeaz gain, talde bakoitzak bere burua eta babestu nahi duen euskararen aldeko egitasmoa aurkeztu beharko ditu bideo labur batean.
Aurkezten diren proiektu edo egitasmoak askotarikoak izan daitezke, aurrez martxan daudenak edo aurrerantzean burutu nahi direnak. Guztiak baina, euskararen aldeko ekarpena suposatu beharko dute, arloa edozein izanik ere: hezkuntza, aisialdia, kulturgintza, helduen euskalduntzea, erabilera sustatzeko egitasmoak…
Lehiaketako lehen fasean puntu gehien lortu dituzten 4 taldeen arteko lehiaketa izango da Finala. Bertan proposatutako probetan puntuazio altuena lortzen duen taldea izango da Euskararen Ginkanaren 3. ekitaldi honetako irabazlea.