
Itsas Aurre elkarteko kideek Igeldoko kultur etxean prentsaurrekoa eman dute. (Argazkia: Lide Ferreira)
Itsas Aurre elkarteko kideek igandeko kontsultan izandako partaidetzagatik poztasuna azaldu dute gaur goizean Igeldoko kultur etxean egin duten prentsaurrekoan.
Igandeko galdeketaren emaitzari dagokionez, poztasuna agertu du Itsas Aurre elkarteak: “Izan diren emaitzekin argi dago igeldotarren borondatea udalerri berri bat sortzea dela. Azken batean, 1994. urtean dagoeneko garbi geratu zen hautua ia hogei urte beranduago berretsi egin da”.
Instituzioei igeldotarren borondatea errespetatzea eta desanexio prozesua aurrera eramatea eskatu diete. “Alderdi politikoei exijitzen diegu gure herriak demokratikoki adierazitako borondatea erabat errespetatu dezatela, eta bide horretan, beraiekin guztiekin hitz egiteko prest gaude, gai hau lehenbailehen konpondu dezagun”, adierazi dute.

Itsas Aurre elkarteko hainbat kide. (Argazkia: Lide Ferreira)
Alderdi Sozialistaren ordezkarien deszentralizazio proposamen berriak komunikabideen bidez ezagutu dituztela aitortu dute eta horiek ez dutela “inolako berrikuntzarik eta sinesgarritasunik” esan dute. “Izan dituzten hogei urteetan aukera izanda ez baitute ezer egin”, azpimarratu dute Itsas Aurreko kideek. Proposamen horiek EAJk egindakoekin bat datozela esan dute. Bestalde, PP egiten ari den eskaintzei buruz aritu dira: “PPk bultzarik onartzear dagoen Tokiko administrazioren lege berriak 2013ko urtarrilaren 1a baino beranduago sortu edo eskatu diren udalerri baino txikiago diren figura administratiboak desagertzea aurreikusten du eta, beraz, Igeldorako egiten ari den eskaintzei ezetza emateko beste arrazoi pisutsua dugu”.
Azkenik, zenbait komunikabideek erabili duten terminologiarekin desadostasuna adierazi nahi izan dute: “Guk ez dugu ezer hautsi edo banatu nahi eta, are gutxago, inor kaltetu nahi. Gure etxea kudeatzeko udalerri bat osatu nahi dugu, besterik ez”. Gainera, euren aldarrikapenen babesa eta elkartasuna adierazi dieten herri eta udalerriei esker ona zabaldu nahi izan diete.