Juan Karlos Izagirre. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Juan Karlos Izagirre, 2016 Fundazioaren Patronatuko presidentea izanik oso gustura agertu da Bruselako Jarraipen eta Aholkularitza Batzordeak igorritako txostenarekin. “Oso balorazio positiboa dela uste dugu, egiten ari garen lana onartzen duena, beraz, 2016ko bulegoa eta donostiar guztiak zoriondu nahi nituzke; norabide onean goaz eta denon artean lortuko dugu”, adierazi du alkateak.
Izagirrek Bruselatik txalotutako jarduerei dagokionez, Donostia 2016 Europako kultura eta hizkuntza gutxituen alde egiten ari den lana azpimarratu du, “kultur aniztasunaren isla” dela esanez.
Zuzendaritza berria osatzea eta Fundazioaren organigraman unibertsitatea eta bestelako eragileak sartu izana ere baloratu dutela adierazi du Izagirrek. Eta kultura indarkeria gainditzeko tresna egokia izan daitekeela aitortu izana ere azpimarratu du.
Tokiko ohiturei isla handiegia eman ote zaion zalantzan jarri dute hainbat mediotan, baina hori txostenaren “irakurketa okerra” dela salatu du Izagirrek. “Kultur aniztasuna islatzea aitortu digute”, esan du alkateak. Bestalde, Espainia eta Europako herritarrengana heltzeko webgunea eguneratzea eskatu zitzaiela onartu du, eta euskaraz eta gaztelaraz gain, frantsesez eta ingelesez jarri dutela.
Bruselatik egindako kritiken artean dago baita ere komunikazioan eta soldatetan diru gehiegi gastatu izana, eta gai hori ere zuzentzen ari direla adierazi du Izagirrek.
Gainerakoan, oso pozik agertu da Izagirre Patronatuko lehendakari gisa, eta kritika batzuei aurre eginez, hasierako proiektu hura “garatzen eta lantzen” jarraitzen dutela defendatu du.