Jokin Zaitegi Itzulpen Sariari esker argitaratu dute Mo Yan idazlearen lana, 2012ko Nobel Saria izandakoa.

Maialen Marin eta Aiora Jaka donostiarrak, itzuli berri duten liburua eskuartean dutela. (Argazkia: E. Zabala)
Jokin Zaitegi itzulpen Saria antolatzen dute urtero Arrasateko AED elkarteak eta Elkar argitaletxeak. Urte horretako Literatutako Nobel saridunaren lan bat itzultzea izaten da lehiaketaren muina, eta Maialen Marin (Gros, 1983) eta Aiora Jaka (Gros, 1982) donostiarrak izan dira aurtengo irabazleak. Lehiaketan parte hartzeko, aukeratutako lanaren zati baten itzulpena bidali behar izan zuten lehiakideek, eta epaimahaiaren ustez, Marinek eta Jakak egindakoa izan zen onena. Zehazki, Mo Yan idazle txinatarraren lan bat itzuli behar izan dute,
Hori da umorea, maisu! izenburuarekin itzuli dutena. Gaur egin dute liburuaren aurkezpen ofiziala, eta bertan izan da IRUTXULOKO HITZA; baina, iazko apirilean jada itzulpen lanetan ari zirela
Jaka elkarrizketatu zuen astekari honek.
Hori da umorea, maisu! izeneko liburuak Mo Yan idazlearen nobela labur bat eta zazpi ipuin biltzen ditu:
Hori da umorea, maisu!,
Gizona eta piztia,
Hegaldia,
Burdinazko haurra,
Sendagai miragarria,
Maitasun istorio bat,
Shen lorategia eta
Haur abandonatua. Ingeleseko itzultzaileak Mo Yanen lanetatik egindako aukeraketa bat da, eta horixe da hain zuzen ere euskarara itzuli dutena. Itzultzaileen ustez, nabaria da Mo Yan ipuin kontalaria dela, baina mendebaldean bere elebarriengatik egin dela ezaguna nabarmendu dute. “Lehen lau ipuinak txineratik itzuli zituen zuzenean Maialenek, eta nik frantsesezko itzulpenetik nere zuzenketak egin nizkion. Beste lau ipuinak nik itzuli nituen frantsesezko itzulpenetik, eta Maialenek egin zituen zuzenketak, txinerakoarekin alderatuta”, azaldu du Jakak; izan ere, txineraz dakiena Marin bera da. Hala, Marinek azaldu duenez, bost arazo nagusi izan dituzte liburua itzultzeko orduan: Onomatopeiak, esaera zaharrak, aditz denborak, leku izenak eta erreferentzia kultural eta historikoak.
Desagertzeko arriskuan
AED elkarteko Itxaro Artola liburuaren aurkezpenean egon da, eta sariketaren larritasunaz ohartarazi du. Izan ere, orain arte lehiaketa Kutxaren gizarte ekintzak diruz babestu duen arren, aurtengoan uko egin dio. Beraz, aurtengo irabazleek beka bere osotasunean jaso duten arren, datozen urteetan lehiaketa ez izatearen arriskua egon daitekeela esan du Artolak. Hala, Nobel-truk egitasmoa abiatu dute. Interesa duenak honako kontu korrontean 50 euro sartu beharko ditu: 3035 0001 57 0010019588. Bere datuak eman beharko ditu diru emaileak, eta trukean, gaur aurkeztutako liburua jasoko du opari.