Donostiarren sormenak ez duela etenik erakutsi dute 'eginzaleek'
Lehen suhiltzaileen kamioiak gordetzeko erabiltzen zutena, donostiarren sormenari forma emateko laborategi erraldoi bihurtu dute gaur. Izan ere, goizeko 10:00etatik hasita hiriko hainbat ‘eginzale’ bildu dira Easo kaleko suhiltzaileen egoitza zaharrean, beren sormen lanak erakusteko.
Jarduera hau Arteleku eta Tabakalerako laborategiek elkarlanean jorratutako Eginzaleak! Artisau Digitalak proiektuaren baitan dago. Hala, gaurko azokak amaiera emango dio joan den urrian abiatutako jarduera eta lantegi sortari. Guztiek fabrikazio digitala, Do It Yourself erako software/hardwarea eta ekoizpen eta banaketa modu berriei eta sareei esker biziberritu diren eskulangintza prozesu eta teknikak izan dituzte ardatz.
Alde batetik, azoka lantegi horietan egindako lanaren erakuslehio izango da. Fabrikazio digitala erabiliz lanparak diseinatzeko tailerra, 3Dan inprimatutako reflex kamera bat muntatzeko tailerra, arropa soinudunen tailerra eta objektu fisikoak digitalizatu eta objektu digitalak materia bihurtzea helburu zuen experimentazio tailerra egin dituzte.
Horiez gain, hiriko beste hainbat artisauk ere hartu dute parte azokan, oihalgintza eta bitxigintza alorretakoak batik bat. Jende ugari ibili da postu batetik bestera. Aho zabalik geratu dira batzuk teknologiak artisautza lanetan nola eragin dezakeen ikusita. Soinean eramateko apaingarri dotoreenaren bila ibili dira beste batzuk. Ausartenek berriz, azokarekin batera prestatu dituzten tailerretan parte hartu dute. Bordatu interaktiboen tailerra helduentzako eta arropa birziklatzeko tailerra txikienentzako.
Eguerdiko atsedenaldiaren ostean, azoka arratsaldean ere irekiko dute 20:00ak arte. Eginzaleak! Artisau Berriak azoka aukera bikaina izan da sortzaileek beraiek ere euren arteko harremana sendotzeko, eta batez ere donostiarren sormenak ez duela mugarik ikusteko.