Elkartasun keinu ugari bildu dituzte azoka bakarrean
Elkartasuna garaile! izan da GipuzkoaSolidarioa jaialdirako aukeratu duten leloa aurten, eta Okendo plazako karpan bildu den jendetza ikusirik, leloa egokia dela ezin uka.
Gaurko elkartasun azokarekin iaz hasi zuten ibilbideari jarraipena eman nahi izan diote. Izan ere, alor ezberdinetako 30 elkartek bat egin dute gune bakarrean. Irabazi asmorik gabe eta elkartasun helburuarekin lan egiten duten elkarteak dira. ONCE, Gure Nahia Elkartasuna, Afegi, Etiopia Utopia, Atzegi eta DYA horien artean.
Kutxa Gizarte Ekintzak elkartasuna sustatzeko abian jarri duen plataforma da GipuzkoaSolidarioa. 90 elkartek eta 300dik gora norbanakok osatzen dute talde hau, eta gaurkoan eguneroko lana erakutsi nahi izan diete herritarrei. Baina elkarteen lana bertatik bertara ezagutzeaz gain, hainbat jardueratan parte hartzeko aukera izan dute Okendo plazara gerturatu direnek: musika, eskulanak, hainbat herrialdeetako produktuen eskaintza, artisautza lanak, laguntzarako txakurren erakustaldia…
Koldobika Jauregi
Eguerdian ireki dute azoka, eta txoko batean jarri duten burdinezko sareak erakarri du hasieratik herritarren arreta. Izan ere, Koldobika Jauregi artista zegoen bertan, eta azokaren helburuekin bat egin eta elkartasun keinu bat eginez, artelan bat osatuz joan da bisitari guztien laguntzarekin. Oihalez bete du 6 metroko horma, kutxa baten itxura hartu duen arte. Bestalde, V keinua eginez taldeko argazkia egin dute, gizarte honetan elkartasuna garaile izan behar duela erakutsiz.
GipuzkoaSolidarioa jaialdiak 20:00etan itxiko ditu ateak, baina bihar ere lanean jarraitzeko konpromisoarekin.