Erraz lortu du garaipena Gipuzkoa Basketek Murtzian (67-85)
Denboraldiko hirugarren garaipena lortu du Gipuzkoa Basketek, eta Murtzian inoiz irabazi duen alde handienarekin gainera.
Irudi sendoa erakutsi du talde donostiarrak etxetik kanpo, eta joko orekatua egin dute gainera partida osoan. Hamar-hamabosteko aldearekin jokatu badute ere ia partida osoan zentzuz jokatu dute. Joko dotorea eskaini dute, eta ikusleek gogotik txalotu dituzte Sito Alonsoren mutilak.
Hortaz, denboraldiko hirugarren garaipena lortu du gaur Gipuzkoa Basketek, aurten etxetik kanpo lortu duen lehen garaipena izan da gainera.
Talde aurkariak berriz, ez du oso ondo jokatu. Trakets ibili da defentsan eta baita erasoan ere. Azken laurdenean ausart jokatu dute murtziarrek baina ez dute emaitzik lortu eta minutuak agortu ahala, markagailuko aldea ere handituz joan da. Azkenean, 67-85 amaitu da partida, eta Gipuzkoa Basketeko jokalariak gustura itzuliko dira etxera egindako joko ona eta garaipena sari dituztela.