
Herritar eta eragileetako ordezkari ugari bildu dira Zubietako plaza. (Argazkia: Gipuzkoa Zero Zabor)
Errausketaren kontrako koordinadorak, Eguzkik, Ekologistak Martxan eta Gipuzkoa Zero Zabor taldeak deituta agerraldi jendetsua egin dute Zubietan. Txaloak eta irrintziak izan dira frontoian bildutako ehunka lagunen pozaren seinale, eta prentsaurrekoaren ondoren mosaiko bat egin dute guztien arten ‘gelditu dut’ esaldia irudikatuz. Bestalde, errausketa planta bertan behera geratu izana ospatzeko jaialdi bat egingo dutela ere iragarri dute; Zubietan bertan egingo dute ospakizuna.
Errauste planta gelditu izana “garaipena” izan dela nabarmendu nahi izan dute. Zubietako herritar bat eta Ainhoa Arrospide, Gipuzkoa Zero Zabor taldeko kidea izan dira denen izenean ohar bana irakurri dutenak.
Fernando Iturralde zubietarrak azken hamar urteetako borroka ekarri du gogora, eta erraustegien itzala jasan duten gainerako herriak ere gogoan izan ditu: Irun, Urnieta, Hondarribia, Lasarte, Hernani, Usurbil…Dena dela, Gipuzkoako herritarren indarrari esker proiektua gelditzea lortu dutela adierazi du; “Gustura gaude, errauste plantarik ez baitugu izango. Askotan esan dugun bezala, ez dugu nahi eta ez dugu behar; ez Zubietan, eta ez Gipuzkoan. Era berean, zorionak eman dizkie erraustegien kontra lan egin duten herritar guztiei.
Ainhoa Arrospidek ere, gainerako eragile guztien izenean, herritar guztien ahalegina txalotu eta garaipen gisa hartu du errauste planta bertan behera gelditu izana. Gainera, kalte ordainen gaiarekin bueltaka herritarrak “nahastu nahi izatea” salatu du Arrospidek.
Hondakinen arazoa konpondu gabe dagoela aitortu dute eta erronka berriei aurre egin beharko dietela: zabortegi kutsakorrak ixtea, gaikako bilketa eraginkorra herri guztietara zabaltzea, materialak berreskuratzeko azpiegiturak eraikitzea, eta berreskuratu ezin diren hondarrak metodo ez-toxikoekin tratatzeko azpiegiturak eraikitzea, besteak beste.