Saio biribila egin du Beñat Gaztelumendik
Xabier Silveirarekin egin du lehen froga puntuagarria Beñat Gaztelumendik. Aitaren paperean jarri dituzte, eta hiruna bertso kantatu dituzte zortziko handian. Bikotearekin banandu eta seme-alaben zaintza partekatua eskatzeko sinadurak biltzen dabiltzan bi aita izan dira Gaztelumendi eta Silveira.
Bigarren froga, zortziko txikian ez da hain sakona izan eta umoretik jo du Gaztelumendik Fredi Paiarekin batera. Bertsoa eta sexua erraz uztar daitezkeela erakutsi dute eta barrez jarri dute Murgiako kiroldegia “habaneraren penduloa” dela eta ez dela.
Puntuka ahul xamar suma zitekeen Beñat Gaztelumendi. San Martinetako txerri-festaren harira baserri kontuetan ez da oso egoki ibili añorgatarra.
Gaia emanda sei puntuko motzean, berriz, Unai Agirrerekin aritu da Gaztelumendi. Jantoki sozial batean topo egin duten bi herritarren larruan jarri dituzte. Umoretik gutxi beraz froga honetan ere, baina dotore aritu dira biak ere. “…Nik lotsa badet barruan/ baina gosea ere bai” bukatu du bigarren bertsoa hernaniarrak. “Soilik ditugu bi plato / ez degu jango galako / bai egia da akaso / joango dela luzerako / oraindik ez zaude plako / baina bazenu beharko / portal bat eta kartoiak / dauzkat nahi duzunerako”, bota du Gaztelumendik hirugarren bertsoan. Agirreren erantzuna, berriz, honakoa: “Eztut nahi hona sartzea / ta ze nahizu kontatzea / lanikan gabe estu ditugu / aurre ta atzea / nik hutsik daukat etxea / eta gainditu trantzea / Beñat txarrena izango degu / hontara ohitzea”.
Gaurkoan kartzelako gaia: Prest duzu dena, gonbidatuak falta dira. Urtebetetze festa antolatu duen aitonaren papera hartu du Beñat Gaztelumendik, baina hiru urte lehenago hil zitzaion emaztea izan du gogoan. Beti egin ohi duen moduan, pentsatzeko denboratxo bat hartu eta hiru bertsoak jarraian bota ditu:
“Semeak tarta batekin / ate ertza du igaro / aita egun handia da / hala esan dit pikaro/ alabak oparitxo bat/ paperez bilduta klaro / eta biloba txikiak / begiratu dit arraro/ mahaian eseri gara / guztia egina dago / batera hasi ginela / mende laurden ta gehiago / emaztea hil zen baina / ni oraindik hemen nago”.
“Erromeria batera/ iritsi ta berehala/ gona gorriakin dantzan/ han ikusi nuen hala/ ze dardara, ze ikara/ beregana joan ahala/ bai badakit denerako/ gertu egongo ziñala/ gaur hiru urte galdu nuen/ azkenik zure magala/ hargatik dago mahai hau/ triste eta apala/ kandelak dar-dar egin du/ ikaratuta bezala/ badakit aulki hutsetik/ hizketan ari zarela”.
“Gaur hamar urte kandelak/ horrela mimoz ipintzen/ zuri eskutik helduta/ goxo arituko nintzen/ ai! gaztetan nola garen/ erotzen ta maitemintzen/ nahiz aspaldian ez dudan/ zure ahotsik aditzen/ egunero jarduten naiz/ zure argazkiak biltzen/ zure arropak ikusten/ liburuak erabiltzen/ denbora joaten da eta/ bizitzak dira amiltzen/ sentimenduak ordea/ sekula ez dira hiltzen”.