Euskal feministek azaroak 25eko egitaraua aurkeztu dute. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Azaroaren 25ean, indarkeria matxistaren kontrako egunean, ‘ausart sentitu beharrean libre sentitu nahi dutela’ aldarrikatuko dute talde feministek gaur, Emakumeen Etxean egin duten agerraldian.
Emakumeen “askatasun eza” salatzeko kalera aterako dira ‘Feminismoak aske egiten gaitu’ lelopean. Hiriburu guztietan egingo dituzte manifestazioak, eta Donostiakoa Bulebarretik aterako da, 19:00etan.
Indarkeria matxista sistema patriarkatuak duen tresna gogorrena dela salatu dute talde feministetako kideek, eta urte guztian indarkeria horren aurka lan egiten badute ere, datorren asteleheneko ekitaldietan parte hartzeko deia egin diete emakume guztiei.
Izan ere, emakumeek emakume izate hutsagatik hainbat indarkeria mota jasan behar izaten dituztela gogoratu dute. Egoera horren aurrean, sarri emakumeak ausart sentitzen direla adierazi dute kalera irteteagatik, espazio publikoak hartzeagatik edo norbere etxean ezetz esateagatik. Baina emakumeen borrokak areago joan behar duela azpimarratu dute gaur, “ausart izateari utzi eta libre izateko”.