Jabi Vitoria, Ogasun arduraduna. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Jabi Vitoria, Ogasun ordezkariak 2013ko aurrekontu kitapenaren gaineko bigarren aurreikuspena aurkeztu du, ekainean egin zuten lehen aurreikuspenarenak baina emaitza hobeekin gainera. Hala, urte amaierarako udalaren sarrera eta gastuen arteko emaitza positiboa izango da: 841.906 mila eurokoa.
Vitoriak azaldu duenez, Foru Aldundiari udalak finantzatzeko Foru Funtsa itzuli ondoren (aurreikusi ez zituzten 2’4 milioi euro), sarrera eta gastu arruntak orekatzea lortu dute, eta baita udal gobernuaren apustu estrategikoa sendotzea ere.
Oreka hori neurri handi batean zerga politikari eta zuzeneko zergek eragindako zuzeneko sarreren igoerari esker lortu dutela esan du Vitoriak. Ildo horretan, Ogasun orduraduna pozik agertu da, “sarreren igoera ekonomia jardueren gaineko zergatik eta balio gehikuntzatik etorri delako, eta ez herritarrak zukutzetik, hauek tasa eta oinarrizko zerga gutxiago ordaindu behar izan baitute”.
Zehazki, balio gehikuntzen bitartez aurreikusi baino 3’9 milioi gehiago jaso dituzte, eta ekonomi jardueren gaineko zergen bidez, hau da, enpresek ordaintzen dituztenak, 962 mila euro gehiago. Datu positiboak udal gobernuaren kudeaketa onaren seinale direla adierazi du Vitoriak; “Datu hauek erakusten dute Donostiako ekonomia jarduerak eta udal gobernuaren zerga politikak sarrerak sortu eta horiek gero herritarrentzako oinarrizko zerbitzu eta inbertsioetan eragina izaten dutela. Jakina denez, horiek baitira gobernu honen zerga eta aurrekontu politikaren lehentasunak” azpimarratu du Vitoriak.
Sarrera arruntak
Udalak izan dituen diru sarrerei dagokionez, uste baino gutxiago jaso dute EIOZ zergaren bidez, higiezinen merkatuak beherako joera duelako (2’1 milioi gutxiago). Zenbait tasen sarrerak ere txikiagoak izan dira. Hala nola, zaborrak (milioi bat euro), TAO (345 mila euro), trafikoko isunak (158 mila euro), eta ibilgailuen zerga (104 mila euro).
Eusko Jaurlaritzak eman beharreko diru laguntzen gaineko aurreikuspenak ere gutxitu egin direla jakinarazi du Vitoriak (225 mila euro gutxiago). Gizarte larrialdietarako ere 680 mila euro gutxiago jaso dituzte.
Sarreren datu positiboa ondare sarrerek eragin dute, aurreikusitakoa baino 157 mila euro gehiago jaso baititu udalak San Martin merkatuko sozietateko kide izateagatik.
Gastu arruntak
Aurreikusitakoa baino gastu handiago egin du udalak, adibidez, borondatezko erretiro aurreratuetan (450 mila euro), eta 16 lanpostu berri ere sortu dituzte, enplegua indartzeko politiketan (263 mila euro).
Sustapenari ere aurreikusitakoa baino diru gehiago eman dio udalak (708 mila euro), merkatariei eta autonomoei laguntzeko jarduerak egiteko.
Lorategi eta parkeak zaindu eta mantentzen ere uste baino 209 mila euro gehiago gastatu ditu udalak.
Bestalde, udalak duen zorrari dagokionez, Vitoriak adierazi du 799 mila euro aurreztea espero dutela, interesen kalkulua eguneratzen denean; aurrekontuaren bigarren aurreikuspenaren arabera, 17’5 milio euroko zorra du Donostiako udalak.
Datuak datu, Ogasun arduradunaren arabera, “oso garrantzitsua da jendarteari udalaren diru kontuak azaltzea, kudeaketaren gardentasuna eta erantzunkizuna bermatzen dituelako”. Datorren urteari begira, berriz, 2014ko aurrekontua “nahiko aurreratua” dagoela adierazi du Vitoriak, eta aurtengoa mantentzeko gai izatea espero dutela aurreratu du. 2013ko aurrekontua 300 milioikoa da, 250 milio ohiko gastuetarako eta 50 milioi inbertsioetarako.