Urumeak ez du arazorik sortu momentuz Martutene eta Txomin inguruan
Iluntzerako beste fronte bat iragarri du Euskalmetek, baina zaparradak tarteko, Urumean ez dute arazorik espero.
Zaparrada handiak eta metro karratuko 60 litro ur baino gehiago iragarri zituen gaurko Euskalmetek. Gauzak hala, atzo eguerdian teknikariek bilera egin zuten udaletxean, eta larrialdietarako tresna eta zerbitzu guztien egoeraren errepasoa egin zuten. Gauean eta goizean euria egin, egin du, baina ez Urumeak gainezka egiteko adina. Euskalmetek emandako azken berrien arabera, iluntze aldera beste fronte bat iritsiko da, baina atzo espero zutena baino euri gutxiago botako du. Ondorioz, zaparradak berriz ere areagotu baino lehen, ibaiek bere onera bueltatzeko denbora izango dutela uste dute metereologia zerbitzuko arduradunek. Dirudienez, Urumea maila horira iritsi da Ereñozu parean, Hernanin, eta pixkanaka goruntz egiten ari da, eta euriagatik alerta laranja dago. Edonola, normaltasuna nagusi izan da Martutenen eta Txominen goizean zehar, eta ibaiak ez du arazorik sortu. Inguru horretatik igaro da IRUTXULOKO HITZA, egoeraren berri izateko, eta Urumeak ur dezente zekarren arren, gainezka egiteko arriskurik ez da egon.
Okendotegi bidearen hasieran bizi da Gregorio, eta ibaia gertutik ikustera jaitsi da etxetik, katiuskak jantzita. “Iaz urak bi metroraino bete zidan garajea, eta badaezpada autoa atera egin dut. Trinkete ingurura mugituko dut, han seguru egongo da”, aipatu du Martuteneko bizilagunak. Ibaiari begira geratu da pixka batean, baina lasai antzean. Txominen bizilagunek normaltasunez egin dute goiza, eta ez zirudien uholde arriskurik zegoenik.