Euskararen zapalkuntzaren testigantzak bildu ditu Euskal Memoriak
‘Euskararen kate hautsiak. Hizkuntza zapalkuntzaren memoria’ izeneko liburu mardula osatu du Dabid Anautek. Aieteko Jauregian aurkeztu dute lana, euskalgintzako hainbat kideren aurrean, eta gaiarekin lotutako bi hitzaldi egingo dituzte abenduan, San Telmo Museoan.
‘Euskararen kate hautsiak. Hizkuntza zapalkuntzaren memoria’ izena du Dabid Anautek osatutako liburuak. Lan mardula da, 1.000 orri ingurukoa, eta hala ere, euskarak historian zehar izandako urraduren erakusgarri txiki bat baino ez diela dio egileak. Euskal Memoriaren aurtengo dibulgazio lana da aipatutakoa, eta gaur arratsaldean aurkeztu dute, Aieteko Jauregian. Euskalgintzako hainbat kidek bat egin dute aurkezpenean: Joanmari Torrealdai, Kontxita Beitia, Paul Bilbao, Iban Arregi… baina kontua ez da hor bukatuko, abenduan gaiarekin lotutako bi hitzaldi egingo baitituzte San Telmo Museoan.
Euskaldunon lekukotzen bideo bat erakutsiz hasi dute aurkezpena: “Barre egiten ziguten, tonto deitzen ziguten”, “‘Se prohibe hablar en vasco’ jartzen zuen” eta antzeko esaldiak bota dituzte. Ondoren, Euskal Memoriako Arantxa Erasunek hartu du hitza. “Bazterketa, debekua, mespretxua,zigorra, jazarpena.. errepresioa. Euskarak eta euskaldunok asko sufritu dugu, luzez, gure hizkuntza indarrez desagerrarazi nahi izan dutelako. Ez dute lortu, baina eragindako kaltea geure orainaren parte da”, aipatu du Erasunek. Azken batean, Erasunek azaldu duenez, Anautek hizkuntza jazarpenaren argazkia egin du, eta aldi berean, horri euskaldunok nola erantzun diogun ere jaso du, euskalgintzaren lana aipatuz.
Dabid Anaut liburuaren egileak berak ere hitz egin du, eta euskararen zapalkuntzak ezaugarri jakin batzuk dituela esan du. “Konstante historiko bat da, oso aspaldi hasi zena, denboran zehar iraun duena eta egun ere agortu ez dena” azaldu du Anautek. Azken batean, hainbat lekukotzen bidez zapalkuntzaren kronika moduko bat osatzeaz gain, guztiari kontestua batu dio, euskararen historiari buruzko atalekin. Lana osatzeko hainbat iturri beharrezkoak izan ditu Anautek, dela Euskal Kultur Erakundea, Labrit-Euskokultur, ahotsak.com edota elkarrizketatutako hainbat lagun.
Paul Bilbao Kontseiluko arduradunak ere bere alea jarri du gaurko aurkezpenean. “Hizkuntzen arteko gatazketan botere-gatazkak daude. Batzuek erabakitzen dute noiz, norekin eta nola erabil dezakegun guk gure hizkuntza. Batzuek, boterea erabiliz, erabakitzen dute gure herriari nola deitu behar diogun”, aipatu du Bilbaok, besteak beste. Azken batean, hizkuntzaren zapalduntzan egun irauten duen arren, etorkizunari begira lan egin beharra aipatu du.
Liburuaren hariari tiraka bi hitzaldi egingo dituzte San Telmo Museoan, abenduaren 17an eta 18an. Lehenak Txillargi izango du ardatz, eta bigarrenean, berriz, euskararen zapalkuntza emakumeen ikuspegitik azalduko dute.