Gurutz Agirresarobe preso añorgatarrak eta Sevilla IIko beste euskal presoek gose greba utzi dute
Etxeratek azpimarratu du Sevilla II-ko presoen egoera ez dela aldatu, eta euren eskubideen alde lanean jarraitzeko asmoa iragarri du.
Donostian presoei elkartasuna adierazteko manifestazioa egingo dute igandean.
Sevilla II kartzelan dauden euskal presoen egoera salatzeko abiatu zuten gose greba joan den urriaren 28an. “Espetxeko isolamenduan kokatzea ez ezik, zigor errejimen iraunkorra aplikatzen baitiete. Patio orduetan elkarrekin atera beharrean bananduta irtetera behartzen dituzte, etengabeko miaketak jasan behar izaten dituzte eta osasun eskubidea ez zaie bermatzen”, oroitarazi du Euskal Preso Politikoen Kolektiboak.
Gurutz Agirresarobe preso añorgatarrak Iker Agirre, Jabi Agirre, Koldo Aparicio, Iñaki Arakama, Asier Arzalluz, Juan Mari Etxebarri, Garikoitz Etxeberria, Jesus Goikoetxea, Manuel Gonzalez, Juan Lorenzo Lasa Mitxelena, Roberto Lebrero eta Urtzi Paul Larrearekin batera parte hartu du baraualdian.
Preso ugarik gose greba utzi behar izan dute osasun arazoak direla medio. Gurutz Agirresarobek, Iker Agirrek, Juan Mari Etxebarrik, Txus Goikoetxeak, Juan Lorenzo Lasak eta Roberto Lebrerok baraualdiarekin jarraitu zutenak, eta besteek, protestarekin segitzeko, itxialdian zeuden. Koldo Aparicio, berriz, aske geratu zen hilaren 23an. Bakoitzak 15 bat kilo galdu dituela eta osasun egoera oso ahulean daudela ohartarazi du Etxerat-ek.
Igandean Sevilla II espetxeko euskal presoei elkartasuna adierazteko manifestazioa egingo dute Donostian. Bulebarretik abiatuko da manifestazioa, 12:30ean.