'Ibuprofeno' diskoarekin buruko mina kentzeko prest dator Ze esatek!
Donostialdeko taldeak 12 pilulako errezeta prestatu du, belarri bidez hartzeko.
Medikuen gisan azaldu dira Ze esatek! taldeko kideak Dokan, bata zuri eta guzti, gaur goizean. Izan ere, Ibuprofeno izena du taldearen laugarren diskoak, eta halaxe, errezeta moduan, kaleratu dute lana. Guztira, 12 pilula edo abestik osatzen dute diskoa, eta buruko mina kentzeko aproposa dela ziurtatzen dute Ze esatek! taldeko mediku edo musikariek. Zehazki, estudioko hirugarren lana da 9 lagunek osatzen duten taldearentzat; izan ere, iaz kaleratutako diskoa zuzeneko bat zen, Donostiako Aste Nagusian piraten abordatzearen egunean grabatutakoa. Estudioko hirugarren lana bai, baina autoekoitzitako lehena da taldearentzat, sortu berri duten Mirentxu Records zigiluaren bidez. “Bi urte generamatzan abesti berriak sortu gabe, eta gogoa eta premia genuen abesti berriak sortu eta jotzeko”, aipatu du Jabi abeslariak. “Batenbatek esan du rock, ska, funk eta funky estilokoak direla abestiak, eta antza diskoak badu gure ukitu magikoa ere”, gehitu du Jabik.
Vierbu, taldeko gitarristetako bat, aritu da urtebetez ekoizpen lanetan. “Gure maketak egiteko sistema bat daukagu lokalean, eta aurtengo urtarrilean hasi ginen abestiak prestatzen. Guztira 16 abesti osatu genituen, eta diskorako hautatu ditugun 12 abestiekin geratu ginen”, azaldu du Vierbuk. Aurreko disko eta abestietatik pixka bat aldentzen saiatu direla aipatu du Vierbuk. “Aldatzen saiatu gara. Abesti eta disko guztiek soinu bera badute, dinamika galtzen da, eta soinu pixka bat indartsuagoa bilatu dugu”, gehitu du Vierbuk. Gainera, orain arteko diskoetan bateriaren soinua ordenagailu bidez sartu dute, programatuta, eta orain, lehen aldiz, Juanma Urriza Boli aritu da baterian.
Abesti guztiak Ze esatek!-ek sortutakoak dira, baita hitzak ere, Viele Arten izeneko abestian izan ezik; Bertolt Brecht poeta alemaniarraren poesia bat baitu oinarri. Gainontzean, abestietako hitzei dagokienean, egungo gizarteko gaiak landu dituzte. Amodioa, igande euritsu bateko pentsamenduak, elizarekiko kritika eta prostituziaren inguruko erreflexio bat dira, besteak beste, hitzetan aipatzen dituzten gaietako batzuk. Gainera, lehen aldiz, abesti oso batek gaztelerazko hitzak ditu, eta beste hizkuntzaren bati ere keinuren bat egin diote.
Diskoko abestiak Internet bidez lortzeko aukera dagoen arren, diskoa fisikoki lehen aldiz Durangoko Azokan erosteko aukera egongo da. Azokan Ze esatek!-en postua aurkitzeko, gurutze berdea bilatu beharko dela aurreratu dute. Zuzeneko lehen kontzertua, berriz, abenduaren 28an egingo dute Hatortxu Rocken, eta otsailaren 1ean diskoaren aurkezpen kontzertua egingo dute Dokan.
Ze esatek! taldeko kideak honakoak dira: Vierbu (gitarrak, ahotsa), Julen (gitarrak, ahotsa), Unai (baxua, ahotsa), Boli (bateria), Antton (tronpeta), Manex (tronboia), Mikel (ahotsa), Jabi (ahotsa) eta Ion (managementa).
Ibuprofeno diskoko abestiak: Circle Pit Ska!, Kolorea kendu, Salon kitty, Viele Arten, Nere lagunak gartzelan daude, Ibuprofeno goizak, Beldurrak besarkatuz, Melody, USAmerikarren tranpa, But you don’t have a band, Argizaria eta Irribarre egin.