Idoan ganbera taldeak Elvis Costello eta Brodsky Quartet-en musika ekarriko du Miramonera
Ganbera musikarekiko maitasunak bultzaturik, errepertorio klasiko eta erromantikoa sakonki landu eta esperimentazioa bide harturik proposamen garaikideen interpretazioa jorratzea erabaki zuten euskal instrumentista birtuoso talde batek osatzen du Ildoan taldea. Errepertorio oso zabala lantzen dute, Mozarten klasizismotik abiatu eta, besteak beste, Philip Glassek landutako minimalismoraino, eta talde-mota ezberdinak hartzen ditu: hari-hirukotea, laukotea eta boskotea pianoarekin. Horren erakusle, Miramongo Matineeak zikloaren azken denboraldietan eskaini dituzten kontzertuak: Glassen musika, baina baita Faure edo Turinarena bilduz. Gainera, Bilboko Euskalduna Jauregian Bilbao Orkestra Sinfonikoaren ganbera musika-zikloan, Cuartitos del Arriaga zikloan, Oñatiko Santa Ana Komentuan eta Astigarragako Udal Musika Eskolan eta abarretan aritu dira.
Kontzerturako sarrera solteek 7 euroko prezio bakarra dute eta Kutxabank.es webgunean, Kursaal Auditorioko leihatilan EOS eta Kursaal Fundazioaren emanaldi egunetan eta, aforo librerik balego, Orkestraren egoitzako leihatilan bertan erosi ahalko dira.
Miramonera autobusez joan daitezke ikusleak. Euskadiko Orkestrak Matineetako publikoaren esku doan jartzen duen autobus zerbitzua da Miramongo egoitzara heltzeko biderik erraz eta erosoena. Matineea dagoen egunetan bakarrik erabilgarri den garraiobide hau 10:25etan abiatzen da Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18 eta Madrilgo hiribideko 34ean.